PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK MAPA MOREAREN LANKETA AURKEZTU DU

2023/03/30

Urtarrilean ekin zion Parekidetasun departamentuak Zarauzko Mapa Morea osatzeko prozesuari. Mapa More hau izan da Berdintasun Plana martxan jartzearekin batera gauzaturiko lehen ekimena, Berdintasun Ordenantza lege berriari moldatzearekin eta Emakumeen* Etxeko webgune berrituarekin batera.

“Ekimen honetan, Parekidetasun departamentuaren helburua zen gure herria genero ikuspuntutik aztertzea, hau da, betaurreko moreak janztea eta begirada horrekin gure kaleak, txokoak, parkeak… aztertzea”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.

Garai batean, era honetako azterketak egiten zirenean, segurtasun arloan jartzen zen fokoa, puntu beltzak aztertzeko. Gaur egun, ikuspuntua zabalagoa da, eta genero ikuspuntua bere osotasunean aztertzen da. “Oraindik, emakumeak gara zaintza lanetan arduratzen garenak: umeen zaintza, adinekoena, desgaitasuna duten pertsonak laguntzeko… geu gara gure amona kalera ateratzen laguntzen dugunak, adibide bat jartzeagatik, eta, horrexegatik, gure bizitza errazteagatik, Berdintasun departamentuan kezkatzen espazio publikoa aztertzeaz arduratzen gara. Hiriak prestatuta egon behar du zaintza lanak errazteko”, gehitu du Vazquezek.

Mapa More hau osatu ahal izateko prozesu partehartzaile zabala garatu da; herritarrekin, Berdintasun Kontseiluarekin eta Udaleko teknikariekin hainbat bilera egin dira, denen ekarpenak jasotzeko eta Zarautzeko mapa hau osatzeko. Ondoren, Lege Zaharren enparantzan karpa bat jarri zen zarauztarrei bilera hauetan ateratako ondorioak jakinarazteko.

Prozesu zabal honen emaitza da gaur goizean Emakumeen* Etxean aurkeztu den Mapa Morea. Bertan, herrian zehar genero ikuspegitik hobetzeko beharra daukaten guneak adierazten dira, baita gaur egun egokiak direnak ere.

“Behin hobetzeko beharra daukaten puntuak identifikatuta dauzkagula, hauek hobetzeko proposamenak landuko ditugu Udalean. Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten zarauztar guztiei, kazetariei ere beren inplikazioagatik informazioa zabaltzeko eta Proiekta Urbeseko arkitektoei, oso erraza eta atsegina izan delako beraiekin lan egitea. Betaurreko moreak jantzita dauzkate eta ikuspuntu hori jartzen diote urbanismoari”, amaitu du Parekidetasun zinegotziak.

Ondorengo esteka honetan aurki daitezke Zarauzko Mapa Morearen lanketan ateratako ondorioak.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude