2022/11/09
Datorren astean Palestinako errefuxiatuek pairatu beharreko egoeraren berri izateko aukera izango dute zarauztarrek UNRWAk, Zarauzko Udalaren laguntzarekin, antolaturiko bi ekimenen bitartez.
Udaletik, lankidetzara bideraturiko dirulaguntzak bideratzeaz gain, bada jorratzen dugun beste arlo bat, hain zuzen ere, sentsibilizazioa, munduan gertatzen diren gatazka horiek ezagutuz eta ondorioak zeintzuk diren jakiten laguntzen digutenak”, adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lankidetza zinegotziak. “Honako honetan, erakusketa eta hitzaldi baten bitartez egingo dugu, batez ere Palestinako emakume errefuxiatuen egoeraren berri ematen dutenak”.
“Gatazka hauek, nola ez, errefuxiatuak sortzen dituzte, eta errefuxiatu horietako batzuk, gurera iristen dira, Europara, eta hemen, guk dauzkagun aurreiritzi eta estereotipoekin egiten dute topo. Gainera, pertsona musulmanen kasuan, areagotu egiten dira gure mamu eta mesfidantzak”.
“Korapiloak askatu. Elkartasun hariak Palestinara” erakusketa Merkatu Plazako lehen solairuan izango da datorren astean, azaroaren 15etik 20ra, eta helburu bikoitza izango du: alde batetik, Palestinako errefuxiatuen egoera ezagutzea, batez ere emakumeena, eta, bestetik, migratzaileei buruzko estereotipoen inguruan hausnartzea eta hauek desegitea. Erakusketa bisitatu ahal izateko ordutegia honakoa izango da: 17:00-20:00. Larunbatean eta igandean goizez ere bai, 12:00-14:00.
Bestalde, azarearen 16ean, asteazkenean, ‘Estereotipoak eta zurrumurruak apurtuz: begirada Palestinan’ hitzaldia antolatu da Antoniano ikastetxean, 18:00etan. Hitzaldi honetan Xabier Aierdi soziologoak zurrumurru eta estereotipo hauei aurre egiteko formula eta jarraibideen inguruan arituko da.