KULTURARTEKOTASUNA ETA GASTRONOMIA UZTARTZEKO FESTA BERTAKOAK EKIMENAREKIN

2022/10/19

Datorren azaroaren 5ean Bertakoak ekimenaren beste edizio bat ospatuko da. 2014ean antolatu zen lehenengo aldiz kulturartekotasuna sustatzeko ekitaldi hau eta, ordutik, ehundaka zarauztarrek parte hartu dute bertan urtero.

“Bertakoak, jatorri ezberdineko zarauztarrak mahai baten inguruan esertzeko aitzakia da, azken batean batera bizi gara baina ez dugu elkar ezagutzen, eta elkar ezagutza da kanpotik etorritakoan integrazioa bultzatzeko biderik eraginkorrena. Eta elkar ezagutza da, bestearekiko, gu bezalakoa ez denarekiko dauzkagun aurre iritziak eta mesfidantzak uxatzeko modurik eraginkorrena”, adierazi du Iratxe Zorrozua (EAJ-PNV) Immigrazio zinegotziak.

Aurtengo edizioan Zarauzko 11 elkartek eta jatorri desberdinetako 11 sukaldarik hartuko dute parte. Sukaldariek, ekimenean parte hartu nahi duten zarauztarrentzat bazkaria prestatuko dute bakoitzaren jatorriko herrialdeko jaki tradizionalekin.

“Ekimen honekin, denok zarauztarrak garela aldarrikatu nahi dugu, berdin dela Zarautzera nondik eta noiz etorritakoak garen, denok garela ongi etorriak hemen eta kultura hauek guztiek ere Zarautz osatzen dutela. Gastronomia aitzakia baino ez da, bitartekoa bi norabidedun integrazioaren helburua lortzeko”, gehitu du Zorrozuak.

Honako hauek dira parte hartuko duten elkarteak eta bertan eskainiko den janariaren jatorria:
 
Alkartasuna Elkartea – Guatemala
Arrano Elkartea – Ekuador
Batzokia – Maroko
Cachi Bachi Elkartea – Nikaragua
Ezkertoki Elkartea – Paraguai
F. Zurbaran Elkartea – Kuba
Galeperra Elkartea – Mexiko
Gure Kabia Elkartea – Euskal Herria
Itxas-Mendiko Elkartea – Senegal
Iñurritza Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea – Honduras
Kurpil Elkartea – Sahara
 
Kultur aniztasunaren bazkari berezi honetan parte hartzeko, azaroaren 2ra bitartean, immigrazioa@zarautz.eus edota 943 00 52 27 zenbakian izena eman beharko da. Bazkariak 10 euroko prezioa izango du.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude