HERRIAN SALATUTAKO SEXU ERASOAREN AURKAKO ELKARRETARATZEA EGIN DU ZARAUZKO UDALAK

2021/10/22

Zarauztarrek euren babesa eskaini dute gaur eguerdian asteburu honetan herrian salatutako sexu erasoa gaitzesteko Udalak deituriko elkarretaratzean. Bertan izan dira Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak eta baita Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaria ere.

SEXU ERASO BATEN SALAKETAREN INGURUKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

2021/10/21

Gure herrian gertatutako sexu eraso baten salaketaren aurrean, Zarauzko Udaletik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu. Biktimarekiko eta haren ingurukoekiko gure laguntza eta hurbiltasuna adierazten dugu, biktimari bere errekuperazio- eta erreparazio-prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta udal-baliabideak eskura jarriz.

Arreta bermatu eta lortutako informazioa baloratu ondoren, Zarauzko Udalak, erakunde gisa, argi eta garbi adierazten du ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo baten ondorio da. Arazo horren helburua da emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea, bai eta zuzenean eragiten dieten mendekotasun eta diskriminazio egoerak mantentzea ere.

Erasoak dira emakumeek gure gizartean jasaten duten indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak, eta, horregatik, funtsezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea, hezkuntzatik hasita eta emakumeen autonomiaren alde lan eginez beren bizitzako alderdi guztietan, indarkeria matxistaren edozein adierazpide errotik moztuz.

Azkenik, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki erakutsi dezatela emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa, eta ardura kolektiboa har dezatela biktimen berreskuratze eta erreparazioan laguntzeko. Izan ere, indarkeria matxista desagerrarazteko behar-beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude