2022/06/24
Eraztun Berde Urdinaren aldizkariaren bigarren alea banatu du Zarauzko Udalak herriko ikastetxeetako LH 1. eta 2. zikloko ikasleen artean. Guztira 1.000 ale banatu dira.
“Gure helburua da gazteenak, eta aldi berean euren familiak, naturarekiko sentsibilizatzea. Zarautzen dauzkagu altxor naturalak ezagutarazi nahi diegu zarauztarrei, balorean jartzeko eta horrekin batera, guztion artean hobeto zaintzeko”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
Aldizkari honetan hainbat gai lantzen dira, hala nola, Eraztun Berde Urdinarekin erlazionaturiko albisteak, natura eta euskararen inguruko erreportajea eta Zarauzko ikasleek ikasturtean zehar Eskolako Agenda 2030aren baitan landutako “Belardiak, larreak eta landare itsutasuna” gaia. “Laugarren atal bat ere badugu. Bertan, gai honen inguruan landutako denbora-pasak eta izaki bizidunen pegatinak sartu ditugu, hauek itsatsiz, Zarauzko hondartzako arroka eta belardien ekosistemak lantzeko. Gure helburua da familian modu dibertigarrian ikastea, gure herriaren biodibertsitatea zaintzeko lehenengo pausua baita ezagutzea”, gehitu du Vazquezek.
Azkenik, bi galdetegi aurkitu daitezke aldizkarian. Erantzunen orria HAZ bulegoan jarri berri den postontzian uzteko aukera egongo da. Parte hartzaile guztien artean bi sari zozketatuko dira. Zozketan parte hartzeko, erantzunen orrian harremanetarako kontaktu bat utzi beharko da.