BOLUNTARIO ZARAUZTARREK KALEKO KATUEN KOLONIAK KONTROLATZEN LAGUNTZEN DUTE

2022/04/28

Duela urtebete, ingurumen zinegotzi den Gloria Vazquezek (PSE-EE) animalien ongizatearen ardura hartu zuen. Denbora horretan, CER metodoa (harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera) jarri da martxan Zarauzko kale-katuen koloniak kontrolatzeko. Hazkuntza kontrolatzeaz gain, helburua da egoera onean mantentzea, elikadura eta animalien eta haien ingurunearen higiene-baldintzak bermatuz.

Gipuzkoan ez dago zeregin horietan aritzen den enpresarik, eta, beraz, boluntarioen elkarteak izaten dira udalen laguntzarekin katu-koloniak zaindu eta elikatzen dituztenak.

Zarautzen ez dago elkarterik horretarako, baina badira boluntario batzuk Udaletxearekin elkarlanean ari direnak katu-kolonien arretan, kaiolekin harrapaketak egiten eta albaitaritza-klinikara eramaten, bertan esterilizatzeko. Hauek gaixotasunen bat hautematen badute, harrapatu zituzten lekura itzuli aurretik ere tratamenduari ekiten diote.

“Bihotz-bihotzez eskertu nahi diet boluntarioei kaleko katuen ongizatea bermatzeko egin duten lana eta laguntza. Haien dedikazioari eta ahaleginari esker, Torre Luzea parkean, udal-brigadan, Eguneko Zentroan eta Zarauzko beste eremu batzuetan hatzemandako 43 katu esterilizatu ahal izan dira. Errenteriako Miauka elkarteari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, udal brigadaren eraikinaren inguruan harrapaketak egiten eta katuak artatzen lagundu zigutelako, bertan jantokia ere jarri baitzuten”, eskertu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. “Argitu behar dut debekatuta dagoela bide publikoan animaliak elikatzea Udalaren baimenik gabe. Udalari laguntzen dioten pertsonek bakarrik dute janaria eta ura jarri ahal izateko baimena, katuen eta ingurunearen higiene-baldintzak zainduz”.

“Badakigu pertsona gehiagok zaintzen dituztela animalia horiek, eta koordinatu eta baliabideak optimizatu behar ditugu. Eskertuko nieke kale-katuen koloniak zaintzen lagundu nahi dutenei, gvazquez@zarautz.eus posta elektronikoaren bidez jar daitezen harremanetan”, gehitu du zinegotziak.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude