2025/06/02
Zarauzko Udaleko Ingurumen sailaren “Bertatik bertara eta garaian garaikoa” kanpaina martxan da eta orain udaberriaren txanda heldu da.
Kanpainaren helburuak kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea dira. Lehen sektorea, eta bereziki ekoizpen ekologikoa, funtsezko elementua da jasangarritasuna bultzatzeko.
Kanpaina hau 4 fasetan banatuta dago, urtaro bakoitzeko txanda bat eta, orain, udaberriko kanpainari dagokio tartea. Guztira, 5 panel jarri dira udalerriko hainbat kokapenetan, sasoiko 5 produkturen argazkiekin, kanpainaren leloarekin eta sustatu nahi diren kontzeptuekin: osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua.
Gainera, fase bakoitzean, udalerriko nekazaritza-ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da GUKA Telebistan, eta beste batzuk laburragoak izango dira sare sozialetan.
Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik (PSE-EE) nabarmendu duenez, “Txanda honetan, hauek izango ditugu bidelagun: batetik, Maite Jauregi eta Mikel Eizagirre, ama semeak, Gurmendi baserriko ustiategia erakusteko, eta, bestetik, Nerea Ollokiegi, Zarauzko Udaleko teknikaria, Garapen Jasangarrirako Helburuak partekatzeko. Herritarrak animatzen ditugu sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera”.
