ANIMALIEN ORDENANTZAREN INGURUKO SAIO IREKIA ANTOLATU DU UDALAK ASTELEHENEAN

2026/07/23

Zarauzko Udalak pauso garrantzitsua eman nahi du herriko bizikidetzaren eta animalien babesaren eremuan. Datorren astelehenean, uztailak 27, animalien ongizateari eta bizikidetzari buruzko ordenantza berriari forma emango dion prozesu parte-hartzailea aurkeztuko da jendaurrean. Ekitaldia Etxezabalako bilera aretoan (Kale Nagusia, 29) izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Udalaren helburua araudi berria indarrean dauden legedi nagusietara egokitzea da, baina, batez ere, testu hori herritarrekin eta eragileekin elkarlanean eta adostasunez eraikitzea. Deialdia zarauztar guztiei zuzenduta dago, eta bereziki animalien babesean diharduten elkarteetako ordezkariei, alderdi politikoei eta katu-kolonietako zaintzaileei.

Asteleheneko aurkezpen eta jardunaldi hau koordinatzeaz Think in Green Global enpresa arduratuko da, eta Sergio Torres espainiar gobernuko Animalien Ongizateko zuzendari nagusi ohiaren gidaritza eta zuzendaritza izango du. Haren esperientziak prozesu osoan zehar bidea errazten lagunduko du.

Inaxio Illarramendi (PSE-EE), Animalien Ongizaterako zinegotziak azpimarratu duen moduan,  “animalien ongizatearen alde egunero borrokatzen duten kolektiboen eta norbanakoen ekarpenak, oharrak eta esperientzia funtsezkoak dira herriko beharrak eta erronkak zuzen identifikatzeko. Horregatik, hastera doan prozesu osoan modu aktiboan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei, denon artean harro sentitzeko moduko araudi bat eraikitzeko”.

DEIALDIAREN XEHETASUNAK:
•    Ekitaldia: Animalien ongizateko eta bizikidetzako ordenantza berriaren prozesu parte-hartzailearen aurkezpena. 
•    Eguna: Datorren astelehena, uztailak 27. 
•    Ordua: 18:00etan. 
•    Tokia: Etxezabalako bilera aretoa (Kale Nagusia, 29).

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude