AURTENGO KIROL SARIETARAKO HAUTAGAITZAK BIDALTZEKO EPEA ZABALIK

2026/11/19

2006. urteaz geroztik Zarauzko Udalak Kirol Sariak antolatzen ditu, herrian bertako kirola errotzen eta sustatzen laguntzen duten kirolariak, taldeak, entrenatzaileak eta entitate babesleak.

Aurtengo sarietarako ondorengo kategoriak aurreikusi dira: emakumezko kirolaria, gizonezko kirolaria, emakumezko taldea, gizonezko taldea, entrenatzailea, kirol-babeslea eta Kirola Bizi saria. Aurreko edizioan, besteak beste, honako hauek izan ziren sarituak: Malen Monasterio Urbitarte, Akram Maghfour Yaakoubi, Nik Tri Triatloi taldea, ZKE futboleko senior taldea, Itxas-Lur taberna, Jose Maria “Paxo” Olazabal, Cristobal Rochas Garayoa eta Esteban Collantes.
Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “kirola funtsezko ardatza da gure komunitatearentzat: balioak, osasuna, integrazioa eta tokiko harrotasuna sustatzen dituelako. Horrez gain, Kirol Sariekin bi helburu bete nahi ditugu: batetik, ikusaraztea Zarauzko kirol-maila hobetzen egunez egun dihardutenen ahalegina; eta bestetik, herri gisa batzen gaituzten modalitate guztietan parte-hartzea bultzatzea”.

Bide batez, zehaztu behar da zarauztar orok zabalik duela hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 30a arte. Ordura arte bakoitzak bere proposamenak egin ahal izango ditu QR-aren estekaren bidez, kirola@zarautz.eus helbidera mezua bidalita edota inprimakia Aritzbatalde kiroldegiko harreran betez. Ondoren, proposatutako hautagai guztien artean Udalak izendatutako batzorde batek hautatuko ditu hautagaiak.

Kirol Sarien ekitaldia, 2027ko urtarrilaren 27an Modelo Aretoan gauzatuko da. “Azkenik, kirol-elkarte, entrenatzaile, klub, babesle eta Zarauzko herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu tokiko kirolaren omenaldi kolektibo honetan parte hartzera. Zuen parte-hartze aktiboa espero dugu edizio honek aurreko ekitaldi arrakastatsuei jarraipena eman diezaion”, gehitu du Illarramendik.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude