KLIMA BABESLEKUA BERMATZEKO IXPILLAKO AINTZIRAN EGINDAKO LANAK AURKEZTU DITU FORU ALDUNDIAK

2026/02/09

Ixpillako aintzira Iñurritzako (Zarautz) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) batean dago, eta funtzio ekologiko garrantzitsua du hegazti migratzaileen eta bertan negua igarotzen duten beste espezie batzuen atsedenari, elikadurari eta ugalketari dagokienez. Inguruko ur gezako puntu bakarra da, eta azken urteetan arriskuan egon da, itsas mailaren igoeraren eta ekaitzen gorakadaren ondorioz, eta horrek ur gazia sartzea eragin du, oreka naturala arriskuan jarriz.

Testuinguru horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduera bat egin du inguru horretan, klima aldaketak eragindako arriskuetatik babesteko eta, horrela, inguruko biodibertsitatea zaintzeko. Lanek bi hilabeteko iraupena eta 84.942 euro inguruko aurrekontua izan dute, eta “Egokitu babesleku klimatikoak biodibertsitaterako” (PIMA Adapta Refugios Climáticos para la Biodiversidad) programaren bidez finantzatu dira.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua inguru horretan izan da gaur goizean, eta denbora horretan egindako lanak aurkeztu ditu, Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin, Joseba Aranburu, Nekazaritzako zuzendariarekin, Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziarekin eta Aitor Lekuona Fauna eta Flora Zerbitzuko buruarekin batera.

Lurralde Oreka Berdeko diputatuak komunikabideen aurrean azaldu ditu denbora horretan egindako lanak. Testuinguru horretan, Iñurritzako padura lehengoratzeko proiektuaren barruan 2009an eraikitako lubeta harritsu berria ordeztea izan da lanen helburu nagusia, “itsas mailaren igoeraren ondorioz nahikoa ez zen azpiegitura”. Egitura berria inguruko paisaian integratu da, eta, horri esker, padurak eta duna-landaredia lehengoratzeko espazio berriak sortu dira.

Era berean, hezegunearen azalera handitzea aurreikusten da, zonan metatutako sedimentuarekin, eta egokitu egingo da, ur libreen eremuak eta landaredi baskular azaleratua dutenak birbanatuz. Azkenik, landaredi-tratamenduak egingo dira, inguruko landarediaren egokitzapena eta oreka bermatzeko.
Arrutik bere hitzaldian azpimarratu duenez, “lanek hegaztien habitata hobetzeaz gain, ingurune egoki berriak sortu dituzte arriskuan dauden espezie botanikoentzat”. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Limonium humile espeziearen landaketa, tokiko kontserbaziorako lehentasunezko espezie halofiloa baita. Espezie hori hedatzeko habitat-puntu berriak sortzeari esker lortu da. Aldundiak aurten espezie horren presentzia sendotzeko eta haren hedapena errazteko jarduerak egitea aurreikusten du.

Lurralde Oreka Berdeko diputatuak positibotzat jo du jarduera, eta adierazi du “fauna eta landarediaren biodibertsitaterako funtsezkoa den babesleku klimatiko bat babesteaz gain, zonaldea garbitu dugu, bide batez, inguruko aberastasun naturala ezagutzera hurbiltzen diren herritar guztien gozamenerako espazio bat zainduz”.

Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio Aldundiari Ixpillako aintziran egindako lanengatik. “Eskuhartze honek Iñurritzako biotopo babestuaren ingurunea hobetzen laguntzen dute, Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren ingurumen-balio handienetako elementu bat izanik”.

Ixpillako aintzira, espezie askoren babesleku

2020-2023 bitartean egindako behaketen arabera, hamar espezie habiagile identifikatu dira Inurrritzan, horietatik hiru Euskal Espezie Mehatxatuen Katalogoan “bakanatzat” jotzen dira, eta bat —txirritxo txikia—“kaltebera” gisa dago sailkatuta. Espainiako katalogoan babes bereziko erregimenean dauden zazpi espezie ere identifikatu dira. Ixpillako aintzira babeslekua da hauetako askorentzat.

Gainera, guneak potentziala du beste espezie urtar batzuk bertan ugaltzeko, hala nola, amiltxori arrunta, ia urtero ageri dena bertan, eta lertxuntxo txikia. 
Neguan eta migrazio garaian espezie ugari ikus daitezke inguruetan, besteak beste, mokozabala, kuliska txikia, koartza hauskara eta txirri arrunta.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude