EMAKUMEEN* ETXEKO AHALDUNTZE ESKOLAK IKASTARO ETA HITZALDI BERRIEN PROGRAMAZIOA AURKEZTU DU

2026/01/08

Zarauzko Emakumeen* Etxeak Ahalduntze Eskolaren edizio berria aurkeztu du, datozen hilabeteetarako ikastaroen eta hitzaldien programazio zabalarekin. Helburua emakumeen autonomia, hausnarketa kritikoa eta ahalduntzea sustatzea da, ikuspegi feminista eta anitzetik abiatuta.

Gloria Vázquez Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, “Ahalduntze Eskola emakumeentzako topagune eta ikaskuntza gune garrantzitsua da, esperientziak partekatzeko, sareak sortzeko eta eguneroko bizitzan eragiten diguten errealitateei begirada kolektibotik heltzeko”.

Alde batetik, programazioak hainbat ikastaro jasotzen ditu, sormena, autozaintza, autolidergoa, jarduera fisikoa edota autodefentsa feminista bezalako gaiak lantzen dituztenak. Berrikuntza nagusien artean, aurten bizikleten konponketa eta mantentze tailer praktikoa nabarmentzen dira, emakumeen autonomia eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Bestetik, Ahalduntze Eskolak hitzaldi eta emanaldi irekiak ere eskainiko ditu, gogoeta eta eztabaidarako espazio gisa. Testuinguru honetan, Berdintasun Sailak arreta berezia jarri nahi izan du urtarrilaren 13an egingo den “Ahots ikusezinak” izeneko solasaldian, SOS Arrazakeria Gipuzkoa erakundearekin elkarlanean. Jarduera honek etxeko lanetan ari diren emakume migratzaileen lan- eta bizi-baldintzak izango ditu hizpide, askotan ikusezinak diren errealitateei ahotsa emanez.

Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 7tik 20ra izango da, aurrez aurre Emakumeen* Etxean edo www.emakumeenetxea.zarautz.eus webgunearen bidez. Bertan kontsulta daiteke programazio osoa, ordutegiak eta parte-hartzeko baldintzak.

Zarauzko Udalak herriko emakumeak parte hartzera animatu nahi ditu, Ahalduntze Eskola espazio seguru, askotariko eta eraldatzaile gisa ulertuta.


​​​​​​​

Deskargatzeko

Ahalduntze Eskola urtarrila – Liburuxka (PDF 3,9 MB)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude