KATEGORIA EGOKITUA IZANGO DU AURTENGO GETARIA ZARAUTZ ITSAS-ZEHARKALDIAK

2025/07/18

Astebete eskas geratzen da gure herriko kirol ekitaldi handienetako baten edizio berri bat ospatzeko. 53. Getaria Zarautz Itsas-Zeharkaldia berritasunekin dator, kasu honetan, kategoria berri bat gehituko da. Inklusioaren alde lan egiteko asmoarekin, Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioak, 2025ean Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu izendatu du Zarautz eta honekin batera, Zarauzko Udala, lanketa berezi bat egiten ari da herriko kirol proba, taldeak eta kirolariak kirol egokituaren esparruan aurrera pausuak emateko eta Zarautzen kirola ahalik eta irekiena izan dadin denontzat.

Honela, aurtengo itsas-zeharkaldian, larunbat zein igandean, kirol egokituko kirolarien presentzia izango da, 100 igerilari ingururekin. “Kirol Egokituko Hiriburu garen heinean, herriko proba eta klubekin elkarlan jarraian gaude, inklusioaren arloan ahalik eta gehien hobetzeko eta, nola ez, herrian kirolari gehien biltzen duen probarekin ere elkarlanean izan gara. Elkarlan honen fruitua da aurtengo zeharkaldian kategoria berri hau gehitzea”, azaldu du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak. “Eskerrak eman nahi dizkiet Itsas-Zeharkaldiko antolatzaileei eta Gemma Solerri, Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioko teknikariari, aurrera pausu hauek eman ahal izateko egindako lanarengatik”.

Itsas Zabaleko Euskadiko eta Espainiako Txapelketak

Kategoria hauek gehitzea ez ezik, berritasun gehiago ere izango dira. Larunbatean eta igandean, itsas zeharkaldiko proba desberdinak baliatuz, lehenengo aldiz Euskadiko eta Espainiako Itsas Zabaleko Kirol Egokituko Txapelketak lehiatuko dira.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude