2025/06/28
LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Zarauzko Emakumeen* Etxea Ortzadar LGTBI+ elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan bultzatutako LGBTI+ Points Sarean sartu da. Dagoeneko 750 puntu seguru baino gehiago ditu, horietatik 500 inguru espazio finkoak dira eta 250 mugikorrak.
Sare horri atxiki izana egiaztatzen duen bereizgarria Zarauzko Emakumeen* Etxearen sarreran dago, eta, horrela, agerian uzten du udalerriak aniztasunarekiko eta sexu-askatasunarekiko duen konpromisoa.
“Gure udalerriko LGBTI+ diagnostikoa egiten ari garen une honetan, beste urrats bat ematen ari gara kolektiboa ikusarazteko eta argi eta garbi adierazteko ezinbestekoa dela sexu-aniztasuna errespetatzea”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak. “Inork ez luke erasorik jasan behar bere sexualitatea askatasunez bizitzeagatik inor gogaitu gabe. Enbarazu egiten dutenak beste pertsona batzuei nagusi diren eredu mental estuetara ez egokitzeagatik eraso egiten dietenak dira”.
Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak Ortzadar LGTBI+ elkartearen lana aintzatesten du, ekimen “erraza, baina eragin handikoa” abian jartzeagatik, eta saltokiak, entitateak eta espazio publiko eta pribatuak sare horretan sartzera animatzen ditu, pertsona bakoitza bere sexu-identitatea askatasun osoz bizitzeko libre dela bezain agerikoa den zerbait normalizatzeko.
Nagore Espin Ortzadar LGTBI+ elkarteko presidenteak azaldu duenez, sare horren helburua bikoitza da: “Alde batetik, kolektiboko pertsonen aurkako erasoak prebenitzea, horiek ikusaraziz, eta, bestetik, bakarrik ez daudela adieraztea, gune horietan lagun senti baitaitezke, arreta egokia jaso baitezakete eta eraso baten ondoren babes emozional eta praktikoa aurkitu”.
Gainera, sareak jarraibide argiak eskaintzen dizkie herritarrei eraso LGBTI+fobiko baten lekuko izanez gero jarduteko:
- Lasaitasuna mantendu.
- Erasoa jasan duen pertsonaren kontakizuna zalantzan ez jarri.
- Nola jokatu nahi duen erabakitzeko eskubidea errespetatu.
Nahi izanez gero, konfiantzazko pertsonekin, osasun-zentroekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzen ere lagundu dakieke, 112 zenbakira deituta.
Atxikimendu horrekin, Zarautzek berretsi egiten du giza eskubideekin, inklusioarekin eta aniztasunaren defentsa aktiboarekin duen konpromisoa.