2025/03/12
Joan den urtean, Zarauzko Udaleko Eraztun Berde Urdina proiektuak antolatuta, boluntario talde bat Igerain errekan elkartu zen, errekako zaborrak eskuz garbitzeaz gain, erreka bazterrean hainbat zuhaitz landatzeko elkarlanean.
Aurten ere, ekintza hau errepikatuko da Ibaien Aldeko Ekintzen Nazioarteko Eguna ospatzeko. “Ibaiak dira planetako ur-iturri nagusia, biodibertsitatez betetako ekosistemak izateaz gain. Egun honen helburua da gure hirietan ere horiek zaintzearen eta babestearen garrantziaz kontzientziatzea. Gure Eraztun Berde Urdinak Igerain, Olaa eta Iñurritza ibaiak ditu. Horiek beren egoera naturalean mantentzea da gure helburuetako bat”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Eraztun Berde Urdina proiektuko zinegotzi arduradunak.
Horretarako, hurrengo igandean, martxoak 16, errekako zaborrak garbitu ezezik, Igerain-Hiruerreketa eremuko Crocosmia x crocosmiiflora landare exotiko inbaditzaileak kentzen ere arituko da auzolanean herriko boluntario talde bat. Honekin batera, iaz landatutako zuhaitzen egoera ere aztertuko da.
Hitzordua igande honetan, martxoaren 16an, izango da, 10:00etan Igerain errekan, anbulategi ondoko biribilgunean. Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidean edota 943 00 5159 zenbakian.
