2024/08/08
Zarauzko Udaleko Ingurumen departamenduak gogorarazi du garrantzitsua dela duna zaintzea, galtzeko arriskuan dauden espeziak daudelako bertan. Iñurritzako biotopoa Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dago, ingurumen balio handia duelako; izan ere, Kantauri isurialdeko duna-ekosistema bakarretakoa da, baina, horrez gain, galtzeko arriskuan dauden hainbat espezie topatu daitezke bertan, hala nola, Alyssum loiseleurii itsas haltza eta Galoum arenarium. Beraz, espezie horiek babesteko eta mantentzeko ardura dugu.
Gloria Vazquezek (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak azpimarratu duenez, “jakin badakigu itsasgorarekin oso hondartzan gutxi geratzen dela toallak jartzeko, baina hori ez da duna inbaditzeko arrazoia eta, azpimarratu nahi dut, ezin direla gainditu hondartzatik dunara sartzea mugatzen duten sokak. Era berean, ezin da padurara zubiaren azpitik sartu, eremu garrantzitsua baita hegaztientzat. Pertsonak eta txakurrak bertara sartzea mehatxu larria da bertako faunarentzat eta florarentzat”.
Era berean, Vazquezek golf zelaiaren erabiltzaileei gogorarazi die duna landaretzarako erreserbatutako eremuak errespetatu behar dituztela, bai zelaiaren barruan bertan, baita inguruetan ere: “Ingurumen departamenduak gol-zelaiaren barruko landarediaren kontserbazio egoeraren azterketa eta jarraipena egiten du eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot golf klubari, zeregin horietan emandako laguntzagatik”.
“Zarautzek ingurumen aberastasun handia du Eraztun Berde Urdinean (EBU) integratuta, eta natura zaintzea du helburu nagusi. Bi eremu babestu ditugu: Iñurritzako biotopoa eta Garate – Santa Barbarako artelatza, eta Pagoetako parke naturalaren zati txiki bat. Eremu natural horietaz eta hainbesteko babes maila ez duten beste batzuez goza dezakegu, haien biodibertsitatea zaintzen dugun bitartean”, burutu du Vazquezek.