JONE ALBERDI ZARAUZTARRAK IRABAZI DU MARTXOAK 8KO KARTEL LEHIAKETAREN SARIA

2024/02/16

Jada gainean dugu Nazioarteko Emakumeen Eguna (martxoak 8), eta Parekidetasun departamentuak aurtengo Martxoak 8ko kartel lehiaketako garaile izan diren lanak aurkeztu ditu.

Aurtengoa, kartel lehiaketa honen XVI. edizioa izan da eta guztira 30 lanek parte hartu dute bertan. Hainbat lekutatik iritsi dira proposamenak, gehienak Gipuzkoatik bidalitakoak, 18 (9 zarauztarrak). Gainontzeko parte hartzaileen bizilekuak honakoak dira: Bizkaia (3), Nafarroa (2), Asturias, Bartzelona, Valentzia, Girona, Burgos, Leon eta Murtzia. Parte hartzaileen % 60-a emakumezkoak izan dira eta gainontzeko % 40-a gizonezkoak.

Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak adierazi duenez “aurtengo edizioan maila oso polita izan da. Eskertu nahi diegu parte hartu duten guztioi, baita ere bereziki irabazleei. Kartel guztiak ikusteko aukera izango duzue Emakumeen* etxean gaurtik martxoaren 15a bitartean”.

Aurtengo kartel lehiaketako epaimahaiaren sariaren irabazlea Jone Alberdi Bergara zarauztarra izan da MOLLARRI izeneko lanarekin. Alberdiren adierazi duenez, “borroka hau bakoitzak nondik eta ze modutan jaso duen eta nola eragin dion adierazi nahi nuen: bati goxatu egin dio, bestearentzat ikuspegi berri bat izan da, zaparrada, babeslekua… bakoitzak ikusi dezala ikusi nahi eta behar duena. Hain zuzen, interpretazio libre hori ere bada kartelaren helburua”.

Urtero bezala, lan irabazleak 400 euroko saria izango du eta aurtengo M8ko egitaraua aurkezteko karteleko protagonista izango da.

Publikoaren saria

Publikoaren saria aldiz, Leire Mendikute Zulaika zumaiarrentzat izan da BEGIAK ITXI AMESTU izeneko lanarengatik. Lan honek Facebook bidez egindako galdeketan bozka gehien izan dituen proposamena izan da, 80 botorekin, eta 200 euroko saria jasoko du. Mendikutek adierazi duen bezala, “emakumeok  gure egunerokotasunean eta bizitzan ditugun oztopoak nola gainditzen ditugun adierazi nahi izan dut. Momentu zail eta beltzak bizi arren, udaberrian bezalaxe, berriz loratzeko gaitasuna dugulako, ausartak eta indartsuak garelako. Superheroi bat daukagu gure barnean, aurrera egiten ahalbidetzen diguna. Zorionak emakume guztioi! Gizarte paritarioago bat sortzeko bidean… Aurrera!”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude