ZARAUZKO ERAZTUN BERDE URDINERA IRTEERAK ESKAINIKO DIRA UDA HONETAN

2023/06/19

Uda honetan ere Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailetik irteera gidatuak antolatuko dira Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren hiru gunetan: Iñurritzako Paisaia Natural Babestuan, Arkamurka ibilbidean eta Hezeguneen ibilbidean. Irteera gidatuen helburua gune natural hauek ezagutzea eta hauek zaintzeko beharraz kontzientziatzea da.

Hiru ibilbide-guneek garrantzi handia dute Eraztun Berde Urdinaren ibilbidean: Irteera gidatuetan gune natural horien ezaugarriak erakutsiko dira, besteak beste, bertako flora eta faunaren azalpenak, Arkamurka basoa eta Iritako hezegunea berreskuratzeko lanak etab.

Iñurritza Paisaia Natural Babestua bezala izendatuta dago gaur egun eta Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuta dago baita ere. Padurako ekosistemak eta dunak babestuta daude, bertan zaurgarriak diren landareak eta animaliak baitaude. Iñurritzako duna euskal kostaldean hobekien kontserbatzen den adibideetako bat da, eta bertan aurki ditzakegu galtzeko zorian dauden hainbat landare espezie. Gainera hegazti askori ere babesa ematen die gune horrek eta padura eremuak, bereziki hegazti migratzaileei.

Hezeguneen ibilbidean Iritako eta Astiko hezeguneak bisitatuko dira. Hezegune hauek aldamenean dagoen Iñurritzako Paisaia Natural Babestuarekin batera garrantzia handiko multzo ekologikoa osatzen dute. Buztinzuriko haltzadia berriz, Zarauzko erdigunetik gertu aurkitzen bada ere, Eraztun Berde Urdinaren altxor ezkutu eta ezezagunenetakoa da. Buztinzuri errekari eta Abendaño errekari lotuta dago eta garrantzi handiko habitata da.

Arkamurka ibilbidea Garate-San Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan aurkitzen da Natura 2000 Sarean. Bertako Artelatzak (Zarautzen Arkamurka bezala ezagutzen dena) babestuta daude eta han eta hemen ikusten dira ibilbidean: Vista Alegre parkean, Zingira basoan eta Santa Barbaran. Ibilbidean zehar gune natural horien ezaugarriak erakutsiko dira, besteak beste, bertako  flora eta faunaren azalpenak, Arkamurka basoa berreskuratzeko egindako ahaleginak, etab. 

Irteera gidatuak doakoak izango dira, eta beti, bi hizkuntzatan gauzatuko dira: euskarazko talde bat eta gaztelaniazko beste bat aldi berean. Bisita gidatuen iraupena 2-3 ordukoa izango da. Hezeguneen ibilbidea eta Arkamurka ibilbideko irteerak ostiral arratsaldetan gauzatuko dira bi astean behin elkarren artean txandakatuta eta Iñurritzako Paisaia Natural Babestuko irteerak berriz larunbat goizetan egingo dira hamabostean behin.

Bisita gidatuetan aforoa mugatua denez, beharrezkoa izango da erreserba aurrez egitea Turismo Bulegoan (Kale Nagusia, 30 / 943 83 09 90).

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude