2023/02/14
Torre Luzeako erakusketa aretoak Zarauzko lorategien historiari buruzko erakusketa bat jasoko du ostegun honetatik aurrera. Erakusketa honek argazki, plano eta datu zaharren bidez lorategi hauen historia zabaldu nahi du, haien balio estetikoa eta ondare historiko eta kulturala azpimarratuz.
Lorezaintza jarduera klasikoa da Zarautzen. Herriaren fisonomia eta bizilagunen izaera moldatu duten jarduera berezi horietako bat. Lorezainek, hain zarauztarrak diren beste lanbide batzuekin batera, forma eman zioten orain oinordetzan jaso dugun Zarautzi”, adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lorezaintza zinegotziak. “Jarduera horietako askoren urrezko garaia amaituta, gure imajinario kolektiboan utzitako arrastoa geratzen da; izan ere, zarauztar asko, gehiago edo gutxiago, belaunaldiz belaunaldi lorezaintzan aritu ziren familien ondorengoak edo ahaideak eta lagunak gara”.
Pascual Madoz eta Narrosko Markesen figura erabakigarria izan zen lorategi horien eklosiorako, XIX. mendearen erdialdetik aurrera. Garai horri Zarauzko lorezaintzaren Urrezko Aroa esaten zaio. Xabier Alberdi historialari zarauztarra arduratu da azterketa hau egiteaz eta erakusketa osatzen duten elementuak koordinatzeaz.
Erakusketa datorren martxoaren 19ra bitartean bisitatu ahal izango da Torre Luzeako erakusketa aretoaren ohiko ordutegian (astelehenetik igandera, 18:00etatik 20:00etara).