ZARAUZKO MAPA MOREA SORTUKO DU PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK

2023/01/13

Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak hurrengo hilabeteetan Zarauzko Mapa Morea egingo du. Prozesu honetan herriko biztanle eta hainbat eragilerekin egingo den elkarlana baliatuko da denen artean genero ikuspegia ardatz izango duen herriko gune desberdinen azterketa garatzeko.

“Herritarrekin osatu nahi dugu mapa hau, prozesu partehartzaile zabal baten bitartez, non bereziki herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugun. Hauez gain, Berdintasun Kontseiluak, udal teknikariek eta udal gorporazioak ere hartuko dute parte maparen garapenean”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Prozesu hau garatzeko denok betaurreko moreak jantziko ditugu gure herria genero ikuspegitik aztertzeko”.

Mapa Morea garatzeko lehen fase batean herriaren diagnostikoa garatuko da eta horretarako oso garrantzitsua izango da herritarren aportazioa. Hori dela eta, bi bilera ireki egingo dira herritarrekin. Lehenengoa, datorren asteartean, urtarrilaren 17an, arratsaldeko 18:30etan izango da Etxezabalako bilera gelan (Kale Nagusia, 29). Bigarrena, aldiz, urtarrilaren 24ean egingo da. Bilera hauek irekiak dira eta emakumeentzat zein gizonentzat, “baldintza bakarra betaurreko moreak janztea da”, gehitu du Vazquezek. “Bilera horiek ezezik, galdetegi digitala ere prestatu dugu, herritarren partehartzea zabalagoa izan dadin. Parekidetasun departamentuaren blogean aurkituko duzue urtarrilaren 17tik aurrera”.
Diagnostiko hau egiterakoan ez dira segurtasun aspektuak bakarrik kontuan izango, lanketa honetan, genero ikuspuntua abiapuntu bezala hartuz, irisgarritasuna, zaintza lanerako eragiten duten elementuak, hiri paisaia sexista eta beste hainbat elementu ere aztertuko dira.

“Hausnarketa honen emaitzak mapa batean kokatuko ditugu eta horixe izango da gure Mapa Morea”, azaldu du Parekidetasun zinegotziak. “Diagnostiko honetatik abiatuta hurrengo pausua proposamenak egitea izango da, behar dena zuzendu ahal izateko eta gure herria hobetzeko genero ikuspuntutik”.

Martxoaren lehen asterako aurreikusten da Mapa Morearen lehen zirriborro bat edukitzea eta, hori baliatuz, martxoaren 11an ‘Ibilaldi morea’ deiturikoa egingo da, prozesuan parte hartu duten agente guztiekin, mapan agertu diren eremuak bisitatzeko, azkenengo ekarpenak jaso ahal izateko eta dokumentu definitiboa jada osatzeko.

DESKARGATZEKO

Mapa Morea – Kartela (JPG 7,3MB)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude