NAFARROA KALEKO OBREK ERAGINDAKO ZUHAITZEN AZTERKETA SAKONA JASO DU UDALAK

2022/09/16

Zarauzko Udalak ikerketa sakona eskatu du Nafarroa kaleko zuhaitzen egoeraren inguruan eta Gipuzkoako Urakek sustatutako saneamendu-hodiak jartzeko proiektuak hauengan izan lezakeen eraginari buruz.

Horretarako, TECNIGRAL SL enpresaren zerbitzuak kontratatu dira. Enpresa hau punta-puntakoa da analisi mota honetan, eta aurretik ere lan egin du Udalarekin herrian egoera arriskutsuan dauden zuhaitzak antzemateko txostena egiten eta Lorezaintzako Plan Zuzentzailerako zuhaitzak aztertzen. Azterlan honek 18.150 €-ko kostua izan du (BEZa barne).

Tecnigralek, txosten honetarako, tree radar teknologia erabili du. Georradar baten bitartez, lurpeko objektuak, egiturak eta abar ikertzeko edo detektatzeko balio du, eta Gipuzkoako Urakek saneamendu-sarea (euri-urak eta hondakin-urak) berritzeko lanak egin behar dituen eremuan dauden zuhaitzen egoera eta arriskuaren azterketa egin du, banan-banan, eta lan horiek zuhaitz horietan izango luketen eragina aztertu du.

Enpresak Udaleko zinegotzi arduradunei emandako lehen txostenean (ostiral honetan bildu dira Tiloak plataformako ordezkariekin eta haiekin partekatu dute), georradar honekin lortutako datuetatik abiatuta hainbat balorazio zehaztu dira.

Txostenak zehaztu duenez, ezkien sustraiak oso azalekoak dira, sustrairik sakonena azaleratik 50 zentimetrora antzeman da, eta horrek “arriskuan jartzen du zuhaitz horiek hiriko gainerako instalazioekin bateragarriak izatea (erregistro-tapak, argiaren eta uraren hodiak, estolderia, zoladura, etab.)”.

Bide horretan egiten den edozein konponketa, eraberritze edo lanek inguruko zuhaitzen sustraiei eragingo die, horien “garapena ugaria baita, baina baita oso azalekoa ere, sustrai pibotatzailerik gabe”.

Gipuzkoako Urak proposatutako obrek inguruko zuhaitzetan izango luketen eraginari dagokionez, txostenak nabarmentzen du “ainguratze-distantzia kritikoaren kalkuluan egiaztatzen dela hamar zuhaitzak (lehen txosten honetan aztertzen direnak) ez direla bateragarriak egin beharreko obrarekin, egin beharreko zangak ainguratze-eremu kritikoaren barruan geratzen baitira. Horrek mehatxu larria dakarkio egonkortasunari, eta iraultzeko probabilitatea nabarmen handitzen du”.

Bere txostenean Tecnigral-ek honakoa zehazten du: “gaur egun, Nafarroa kaleko zuhaiztia funtzionala da multzo gisa, baina jada zenbait arazo sortzen ari dira. Zuhaitz hauen baitan ez jarduteak esan nahi du urte gutxi batzuetan arriskuko zuhaitzak gehiago gehitzen joango direla eta etorkizuneko esku-hartzeak garrantzitsuagoak izango direla”.

Azkenik, txosten honen ardura duen enpresak bi zuhaitz antzeman ditu, arrisku egoera argian daudelako kendu behar direnak. Aldez aurretik zehaztu den bezala, txostenaren aurrerapen bat da honakoa, eta txosten osoa entregatu ondoren partekatuko da.

DESKARGATZEKO

TECNIGRAL – Informe previo (PDF 33,1MB)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude