Emakumeentzako Jabetze eskolaren baitan, autodefentsa feminista Ikastaroa martxoaren 27an izango da, larunbata. Bertaratzen direnek arlo teorikoa eta praktikoa landuko dituzte. Erasoak identifikatu eta indarkeria nondik datorren ikasteaz gain, eguneroko bizitzan gertatzen diren erasoei aurre egiteko mekanismoak jorratuko dituzte. Norbere buruarekiko konfiantza berreskuratzeko asmoz, norberaren gaitasunak eta autoestimua landuko dituzte.
Horrez gain, indarkeriaren inguruko mitoak eta errealitateak aztertuko dituzte, baita indarkeriaren ondorio indibidualak eta kolektiboak ere.
Maitena Monroy Romero fisioterapeuta eta aktibista feministak, genero indarkerian aditua eta autodefentsa feministari buruzko formakuntzan aitzindariak, gidatuko ditu saioak. Matrikula 10 eurokoa da eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 943 005 136 telefonora deituz edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera mezua bidaliz. Izen emate epea martxoaren 23an bukatuko da.
Ikastaro hau Emakumeen* Etxeak Emakumeentzako Jabetze Eskolarekin antolatzen duen egitarauaren barnean kokatzen da. Ekimen honen helburua emakumeak hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin egoteko espazioa sortzea da, eta urtarriletik apirilera hainbat ikastaro antolatu dituzte, besteak beste, Emakumea eta Umorea, Norbere Lemazain edo Gure Jakituria Berreskuratzen.