Zarauzko Udalak herriko lorategien historiaren inguruko liburua argitaratu du. Liburu honekin, Xabier Alberdi Lonbide historialariak, herriko lorategi historikoak identifikatzeko, kokatzeko eta haien jatorria eta bilakaera ezagutzeko eskuliburu bat osatu du.
“Zarautzen ditugun lorategien historia luze eta oparoa gordetzen dutela jakitun gara, eta hauek gaur egun arte iritsi dira”, adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lorezaintza zinegotzi arduradunak.
Zarautzen bilakaeran garrantzia handia izan zuen Pascual Madozek. Politikari espainiar hau Zarautzez maitemindu zen eta bertan ematen zituen udak. Berak sustatu eta finantzatu zituen herriko lehen azpiegitura publikoak (errepideak, ur-hornidura, moila…) eta Zarauzko industria eta turismoa martxan jarri zituen. Ondorio jende ugari hasi zen etortzen eta garaiko Zarautz zabalduz joan zen. Garai hartakoak dira ere herriko lehen lorezaintza proiektuak.
“Dibulgazio-liburu honek bi helburu ditu. Lehenengo, irakurleari Zarauzko lorezaintzaren historia luzearen laburpen edo sintesi bat eskaintzen dio. Lan bereziki bisuala, eta orekaturik eman nahi ditu hitz-idatzien pisua eta irudiena. Bigarren, gaur egun arte iristea lortu duten iraganeko lorategien zatien, zernahi tamaina dutela ere, balioaren eta horiek mantentzearen garrantziaren inguruko kontzientzia sortu nahi du. Duten ageriko balio estetikoaz gain, lorategien atal horiek gure ondare historiko eta kulturalaren elementuak dira”, gehitu du Elolak.
Liburu honen 500 ale prestatu dira eta herriko elkarte, eragile, hezkuntza zentroetan banatuko dira. Herrian oraindik geratzen diren lorazainei ere emango zaie liburua, herrian lanbidearen aitzindariak izan zirenen lana ezagutu dezaten. Herritarren batek liburua eskuratu nahi balu, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) eskaera egin beharko du.