ERAZTUN BERDE URDINEAN JARDUERAK, INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

2026/05/29

Datorren ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, gure naturguneak babestearen eta kontserbatzearen garrantziaz gogoeta egitera gonbidatzen gaituen eguna. Testuinguru horretan, Zarauzko Eraztun Berde Urdina balio ekologiko, paisajistiko eta hezitzaile handiko natura-ondarea da udalerriarentzat. Herritarrak sentsibilizatzea eta ingurunea zaintzen inplikazio aktiboa izatea funtsezkoa da gune horiek etorkizuneko belaunaldientzat gordetzen direla bermatzeko eta klima-aldaketa geldiarazteko.

Zarauzko altxor naturalak ezagutarazteko eta haien zaintza sustatzeko, ezagutzaren eta sentsibilizazioaren bidez, Ingurumen Sailak bisita gidatu bat antolatu du herritar guztientzat ekainaren 6an. Gainera, argazki-rally bat ere egingo da ekainaren 20an, adin guztientzako sariekin, eta laster ekimen honen inguruko informazio zehatzagoa emango da.

“Berezkotzat ezagutzen eta sentitzen duguna baino ez dugu babesten, eta ingurune naturalak zaintzeak herritar guztien inplikazioa eskatzen du. Horregatik, honelako jarduerek Zarautzen dugun ondare naturala baloratzen eta babestearen garrantzia ulertzen laguntzen dute”, adierazi du Gloria Vázquez (PSE-EE) proiektuaren arduradunak.

Bisita gidatuan, Eraztun Berde Urdinaren zenbait gune interesgarri zeharkatuko dira, besteak beste, dunak, Iñurritzako Biotopoa, Asti-Irita hezegunea eta Tejeriako haltzadia. Ibilaldia 10:00etan hasiko da Borghettoko kantinan eta hiru ordu inguruko iraupena izango du.

Bisita parte-hartzailea izango da eta hainbat dinamika eta jarduera praktiko izango ditu. Horretarako, hiru hezitzaile izango ditugu: haur talderako dinamizatzaile bat eta helduentzako bi hezitzaile, talde bat euskaraz eta beste bat gaztelaniaz egin ahal izateko. Gainera, parte-hartzaileek eskuliburuak eta dibulgazio-material osagarria jasoko dute. Udalerriko altxor naturalak gertutik ezagutzeko aukera paregabea da, ikuspegi praktiko eta hezitzaile batetik.
Ekimen honen bidez, herritarren eta naturaren arteko lotura indartu nahi da, eta, aldi berean, ingurumena zaintzearen garrantziaz jabetu. Naturguneak babestea erantzukizun partekatua da, eta, horretarako, ezinbestekoa da ingurunearen ezagutza, errespetua eta zaintza sustatzea.

Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendiren (PSE-EE) hitzetan, “gero eta gehiago jabetzen gara aldaketa klimatikoaren ondorioez, gero eta ohikoagoak eta biziagoak diren bero-boladetan sumatzen ditugularik. Horregatik, funtsezkoa da herritarrak inplikatzea gure naturguneen zaintzan eta babesean”.

Ibilbidea adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, 2,8 kilometroko luzera du eta ibilbidearen zati handi bat irisgarria da. EBU Zarautz aplikazioa deskargatzea gomendatzen dugu, irisgarritasun unibertsaleko irizpideen arabera diseinatutako Eraztun Berde Urdina. Tresnak informazio eskuragarria eskaintzen du, zeinu-hizkuntzako bideoekin, Google Maps bidezko geolokalizazioarekin, irakurketa errazeko edukiekin, lau hizkuntzatan eskuragarri dauden baliabideekin eta abarrekin.

Izena eman behar da 943 83 09 90 telefonora deituz, infoturismoa@zarautz.eus helbidean edo Zarauzko Turismo Bulegoan.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude