ARTEA ETA NATURA EMAKUMEEN* ETXEKO PROGRAMAZIOAN

2026/05/08

Zarauzko Emakumeen* Etxeak emakumeei zuzendutako kultur eta ongizate jardueren programa antolatu du maiatzerako eta ekainerako. “Programazio honen bidez, topaketarako, hausnarketarako eta ongizaterako guneak eskaini nahi dizkiegu emakumeei, ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzen duten kalitatezko kultur proposamenak eta naturako jarduerak hurbilduz”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.

Maiatzaren 23an eta ekainaren 13an bi bisita kultural gidatu egingo dira, biak María José Aranzasti historialari eta arte kritikariaren gidaritzapean. Maiatzaren 23an bisita bikoitza izango da Cristina Enea Fundaziora eta Tabakalerara. Cristina Enean, Aurora Bengoechearen “Elkarrizketa bat paisaiarekin/Una conversación con el paisaje” erakusketa bisitatuko da, María José Aranzastik berak komisariatua, artearen, naturaren eta gizarte-konpromisoaren arteko harremanean oinarritua. Tabakaleran Zineb Sedira eta Jon Gorosperen erakusketak izango dira ikusgai. Ekainaren 13an, aldiz, Guggenheim Museora bisita egingo da Ruth Asawaren atzera begirakoa eta Igshaan Adamsen obra ezagutzeko.

Gainera, Emakumeen Etxeak “Mendi ibilaldiak” tailerra antolatu du, maiatzaren 9an eta ekainaren 6an mendira irteerak eginez, jarduera fisikoa, ongizate emozionala eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko naturarekiko kontaktuaren bidez. Aurreikusitako ibilbideak Zumaia-Deba (14 km) maiatzaren 9an eta Orio-Igeldo (10 km) ekainaren 6an dira, 9:00etatik 14:00etara. Jarduera irekia eta doakoa da, maila guztietako emakumeei zuzenduta dago, eta ingurune naturaletan elkartzeko, laguntzeko eta gozatzeko gune bat sortzea du helburu. Euria egiten badu, atzeratu egingo dira mendi irteerak, eta aldez aurretik izena eman dutenei jakinaraziko zaie.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude