2025/02/17
Zarautz kirolaren arloan erreferente da, bere azpiegitura, kirol eskaintza zabalari eta sustatzen duen kultura osasuntsuari esker. Herriak urteetan aurrera pausu estrategikoak eman ditu kirol munduan, eta horrek hainbat diziplinatako kirolariei aukera paregabeak eskaini dizkie. Gainera, Zarautzek urtean zehar puntako kirol ekitaldi ugari hartzen ditu, hala nola surf txapelketak, triatloiak eta herri-lasterketak, eta bertako kirol klubek belaunaldi berriak formatzeko lan garrantzitsua egiten dute.
Orain, gainera, inklusioaren arloan hobetzeko aukera paregabea izango du, Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu izendatu baitu Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioak. Honi esker, 2025 urtean zehar, Zarauzko kirol ekitaldi, klub eta kirolariek kirol egokituaren esparrua lantzeko erraztasunak izango dituzte.
Alde batetik, aholkularitza zerbitzu bat zabalduko da interesa duten elkarte, kirolari eta kirol proben esku, kirol egokituaren esparruan aurrera pausuak ematen laguntzeko, besteak beste, kirol egokituko sekzioak osatzeko, kirol probak mota honetako kirolariei moldatzeko edota kirol egokitu berriak probatzeko. Honez gain, urte honetan zehar disziplina askotariko kirol egokitu proba eta txapelketa ugari izango dira Zarautzen, herritarren artean kirol egokitua ikusarazteko.
Izendapenaren aurkezpen saioan Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak azaldu duen moduan, “Zarautzen aurrera pausuak eman nahi ditugu, edonolako dibertsitatea izanda ere, kirola praktikatzeko aukerak izan ditzaten zarauztarrek. Honela, Kirol Egokituaren Euskal Hiriburuaren izendapen honek helburu horretan lanean jarraitzeko aukera emango digu, erakunde, kirol elkarte eta norbanakoei”.