2024/03/08
Igande honetan, martxoaren 10ean, gazte boluntario batzuekin bat egingo du Ingurumen sailak anbulatorioaren ondoan, 10:30ean, Igerain errekaren zaborra garbitzeko. Ekimena 17 urteko neska talde batek sortu du. Ingurumenarekiko eta klima-aldaketarekiko duten kezkak bultzatuta, Zarauzko naturgune bat zaborretatik garbitzeko martxan jarri dira eta Ingurumen departamentuarekin harremanetan jarri dira zer egin zezaketen ikusteko.
Eremu irisgarri bat garbitzea proposatu zaie, Igeraingo errekastoaren ibilgua, Zarauzko anbulatorioaren ondoan. Ubide naturala da, nahiko egoera onean dago eta Eraztun Berde Urdinaren barruan dago. Ibaiei eta errekei dagokienez, ingurumen-irizpidea da ibaiertzetako landaredi potentzialari eustea hura inausi gabe, ibai-ekosistema berrezartzeko eta egoera naturalean mantentzeko modurik onena baita.
Esan beharra dago, Zarauzko ibaiak eta errekak urtean bitan garbitzen dituela Udalak, jendeak botatzen duen zabor guztia ateraz, baina, hala ere, oraindi zaborra ikus daiteke bertan. Halaber, garrantzitsua da esku hartzea ibaiertzeko zuhaitz eta zuhaixka tipikoen landaketak eginez, beharrezkoa denean naturalizazioa errazteko. Kasu honetan, gunea garbitzeaz gain, 20 haltza eta lizar landatuko dira.
“Neska boluntario horien ekintza honekin erreka honen naturalizazioa bultzatuko dugu. Oso pozik gaude sentsibilizatuta eta natura zaintzeko prest dauden gazteak daudelako eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Halaber, herritarrak ekimen honekin bat egitera animatu nahi ditugu”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.