2024/02/01
Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak, MURKIL Zarauzko Dendarien Elkartearekin elkarlanean, Elhuyarrek martxan jarritako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartuko dute otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko
Zarauzko 21 dendak hartuko dute parte ekimen honetan. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Erakusleiho hauek datorren otsailaren 11 bitartean egongo dira ikusgai.
Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik Emakumeen* etxean “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa izango da.
“Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak Elhuyarren ekimen honetan parte hartzea erabaki du, Zarauzko saltokiekin partekatuz, iaz berdintasunaren aldeko kanpaina egin genuen moduan. Eskerrak eman nahi dizkiegu Murkili eta parte hartu duten saltoki guztiei, bai eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailari ere, zeharkako lan-ildo baten bidez sustatzen baitu merkataritzak berdintasun-kanpainetan parte hartzea”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.
“Kanpaina honen helburua zientzialarien lana ikusaraztea da, neskei eta mutilei emakumezko erreferenteak eskaintzeko eta neskek beren bizitza profesionalerako aukera gehiago izan ditzaten. Datuek zientziaren arloko desberdintasunaz hitz egiten digute. Adibidez, emakumeak ikertzaileen % 33 baino ez dira; adimen artifizialaren arloan, 5 profesionaletik 1 baino ez da emakumea; emakumeak ingeniaritzetan lizentziatuen % 28 dira. Datu horien arabera, karrera zientifikoak eta maskulinoa lotzen dituzten estereotipoek indarrean jarraitzen dute, eta estereotipo horiek hautsi egin behar dira berdintasunean aurrera egiteko “.
Hauek dira ilustrazioak ikusgai izango dituzten dendak:
• Albizu
• Andere
• Azkuelek
• Elene gizonezko ileapaindegia
• Etxabe Confort
• Etxe Ona bakailauak
• Francesena Cerrajeria
• Good People Surf
• Helmuga Kirolak
• Itziar Oregi
• Jade
• Javier Lucas
• JM Jostailuak
• Kaioa
• Neie ileapaindegia
• Optika Zarautz
• Orizar
• Queens ilepaindegia
• San Pelaio Farmazia
• Unai Garrastazu
• Verónica Cazalis
Hauek, aldiz, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenaren edizio honetan omendu diren zientzialariak:
• Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa
• Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria
• Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa
• Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
• Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista.
• Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
• Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
• Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
• Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
• Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
• Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
• Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.