2024/01/26
Otsailaren 2an Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta honen harira hainbat ekintza antolatu ditu Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak. Lehenengo ekintza otsailaren 1ean, ostegunean, izango da, Zingira basoko urmaelen edo mikrohezeguneen biodibertsitatearen inguruko hitzaldia egingo da Etxezabala aretoan arratsaldeko 19:00tan. Hizlariak Ion Garin Barrio (Aranzadiko herpetologoa) eta Aitor Cevidanes (Neiker-eko zientzialaria) izango dira.
Zingira baserriaren parean, izen bereko bi urmael sortu ziren Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin batera izaki urtarren mesederako. Zingira I urmaela 2019an sortu zen, eta ondoren, aldamenean Zingira II urmaela sortu zen 2022an. Europak babestutako Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan aurkitzen dira bi urmaelak, Zingira basoan.
Azken 5 urteetan Zarauzko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, bertako bizidun urtarren espezieen jarraipena bermatzeko hainbat kudeaketa eta dibulgazio ekintza bultzatu ditu. Aurreko urteetan ikerketa entomologiko (intsektuak) eta herpetologikoak (anfibioak eta narrastiak) gauzatu dira, baina 2023 urtean pausu berri bat eman da Zingira urmaeletan, izan ere “Mikroklima: mikrohezegune sarea krisi klimatikoaren aurrean” egitasmoaren baitan barneratu da Zingira I urmaela.
Berrikuntza moduan, Aranzadiko ikerketa herpetologiko eta entomologikoez gain, urmaelen ikerketara aditu berriak gehitu dira: Aranzadiko Botanikako kideak eta Neiker erakundeko ikerlariak. Horrela, putzuetako, landareak eta eltxoak aztertu dira 2023an zehar eta, honez gain, anfibioen osasun egoera eta gaixotasun emergenteei arreta berezia eskaini zaie.
2023 urtean zehar gauzatu diren ikerketa lan hauen emaitzak ezagutarazteko hitzaldira joateko aurrez izena eman behar da. Interesa baduzu idatzi zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera edo deitu 943005159 telefonora.
Bertako biodibertsitatea ezagutzeko irteera ere antolatuko da apirilaren 14an, urmaelari lotutako bioaniztasunaz gozatzeko garai aproposa hori izanik.
Hezeguneen Nazioarteko Eguna
Aurtengo Hezeguneen Nazioarteko egunaren leloa da “Hezeguneak eta giza ongizatea”; izan ere, giza ongizatea munduko hezeguneen egoerari lotuta dago ezinbestean, eta horiek osasuntsu egon behar dute, muturreko fenomeno meteorologikoetatik babesten, klima-aldaketa arintzen eta biodibertsitatea zaintzen jarraitu ahal izateko. Hezeguneen erabilera iraunkorrean inbertitzeak gizadiaren etorkizunean inbertitzea esan nahi du.
Hezeguneek herritarren ongizatea eta osasun psiko-emozionalaren alde egiten dute baita ere, naturaz, atsedenaz eta lasaitasunaz gozatzeko espazioak baitira. Natur balio hauen ezagutza sustatzeak paisaiarengan eragin positiboa ahalbidetzen du eta honen bitartez, hiritarren ongizatearengan eragiten du.
Hala ere, hezeguneen garrantzia ulertu ez denez, desagertzen ari dira. 1970eko hamarkadatik % 35 inguru galdu dira. Geratzen direnak basoak baino hiru aldiz azkarrago desagertzen ari dira, espezieak gizateriaren historiako beste edozein unetan baino azkarrago eta erritmo biziagoan desagertzea eraginez.
Horregatik guztiagatik, Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren barruan ingurumen arloaren helburuetako bat da Zarautzen oraindik geratzen diren hezeguneak lehengoratzea eta beren egoera naturalean mantentzea, hala nola Iritako hezegunea, iaz berreskuratu zena, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzaz Zingiran leheneratu diren 2 mikrohezeguneak.
Aurtengo Zuhaitz Eguna, hezeguneekin lotuta
Honekin batera, otsailaren 2an, urteroko Zuhaitz Eguna ospatuko da. Aurten, Orokieta ikastetxeko ikasleen txanda izango da eta, haiekin batera, Irita hezeguneko behatokiaren ondoan zuhaitzak landatuko dira, bertako hegaztientzako babes gunea ere eskaintzeko.