2024/01/26
Gure herrian gertatutako sexu eraso salaketaren aurrean, Zarauzko Udaletik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu. Biktimari eta bere ingurukoei gure laguntza eta hurbiltasuna adierazten diegu. Beraien eskura jarri ditugu dagoeneko berreskuratze eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar duen informazioa eta udal baliabideak.
Zarauzko Udalak, erakunde gisa, argi eta garbi adierazten du ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik. Eta bere esku dagoen guztia egiten jarraituko du jokabide hauek gure gizartetik desagerrarazteko.
Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo baten ondorio da. Arazo honen helburua da emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea, bai eta zuzenean eragiten dieten mendekotasun- eta diskriminazio-egoerak mantentzea ere.
Erasoak dira emakumeek gure gizartean jasaten duten indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak, eta, horregatik, funtsezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea, hezkuntzatik hasita eta emakumeen autonomiaren alde lan eginez beren bizitzako alderdi guztietan, indarkeria matxistaren edozein adierazpide errotik moztuz.
Azkenik, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki erakutsi dezatela emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa, eta ardura kolektiboa har dezatela biktimen berreskuratze eta erreparazioan laguntzeko. Izan ere, indarkeria matxista desagerrarazteko behar-beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa. Horregatik, herritar orori dei egiten diogu Zarauzko Udalak bihar, larunbata, urtarrilak 27, eguerdiko 12:00etan Lege Zaharren enparantzan deituriko elkarretaratzean parte har dezan, bai eta udalerrian antolatu daitezkeen gainontzeko mobilizazioetan.