2023KO ZUHAITZ EGUNA GESOERREKAN OSPATUKO DA

2023/02/24

Urtero, Zuhaitz Eguna antolatzen du Zarauzko Udalak herriko ikastetxe batekin eta, aurten, Gesoerrekako basoan egin da zuhaitz landaketa La Salleko LH 5. mailako ikasleekin. Hauek, basora hurbildu dira egun pasa egitera, zuhaitzak landatzera eta Gesoerrekako arkamurka basoak lehengoratzeko lanak bertatik bertara ezagutzera.

Gesoerreka basoa gure herrian dagoen baso eremu garrantzitsu bat da, artelatzez osatua. Europako Natura 2000 Sarearen babesguneen barruan aurkitzen da, Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan hain zuzen. Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak hiru lursail erosi ditu inguru honetan, artelatz (Arkamurka) basoak lehengoratzeko eta mantentzeko, bertako biodibertsitatea mantentzeko, hobetzeko eta, aldi berean, Zarauzko baso-masa handitzeko.

“Azkena erosi genuena baso honen ondoan dagoen landa zabal bat da. Bertan egin ditugu aurten landaketak, Gesoerreka basoa zabaltzeko”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Guztira, 100 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dituzte ikasleek. Ekimen honetan ikasi dute biodibertsitatearen eta basoaren garrantzia”. Bestalde, ekimen honen antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote Kemen elkarteari basora hurbiltzeko gurpildun aulki egokitua uzteagatik.

Urrian hasi ziren Gesoerrekako basoa berreskuratzeko lanak eta, lan horiek aurrera eramaten laguntzeko, diru-laguntzak jaso ditu Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentutik. Arkamurkak berreskuratu eta lehengoratzeko espezie exotiko batzuk (batez ere itsinis pinua eta sasiakazia) kendu edota eraztundu dira. Hauen ordez zuhaitz autoktonoak landatzen ari dira uneotan: arkamurkak (Quercus suber), haritz arruntak (Quercus robur), ametzak (Quercus pyrenaica) eta gurbitzak (Arbustus unedo). Guztira 500 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira, eta horietatik 302 arkamurkak izango dira.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude