2023/01/26
CIMASUB, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa, Modelo Aretora bueltatuko da bere 13. edizioan. Hain zuzen ere, datorren otsailaren 1, 8 eta 15ean 19:00etan, doako sarrerarekin. Zarautzen, mundu osoko zaletu eta ikus-entzunezko profesionalen grina, gizakiaren eragina erdigunean jarrita, planetaren bizi iraupenerako ain garrantzitsuak diren itsaso eta ozeanoen edertasuna eta narriadura erakutsiko digute.
Gizakiaren biziraupen etorkizunerako ezinbestekoak diren pentsaera eta ohitura aldaketak martxan jartzeko etsipen deiadar moduan dakar ziklo honek aurtengo leloa, ‘Orain edo Inoiz ez’. Denbora jada gure kontra daukagunean, gure ozeanoen egoera erreala ezagutarazteko helburuarekin eta hondaleak izkutatzen dituen altxorrak ahaztu gabe, hauek kaltetzen dituzten arazoak azaleratu nahi dira.
“Ingurumen departamentuan guztiz bat egiten dugu CIMASUBen helburuekin eta horrexegatik zarauztarrei eskaini nahi dizkiegu dokumentalez eta argazki eder hauez gozatzeko aukera”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Zinema zikloarekin,
ingurumenarekiko errespetuaren mezua indartu nahi dugu zarauztarron artean. Gure herria itsasoaren atean dago eta guretzat gozamena eta ederra da. Aldi berean, zaintzeko ardura daukagu; ez kaltetzeko ardura daukagu gizakiok. Gutako bakoitzak zeregin handia dauka, zaborra dagokion moduan sakabanatzen eta ontzietan uzten, lurrera, ibaietara eta hondartzan bota gabe, guzti horrek itsasoan bukatzen baitu”.
Jaialdiaren baitan mundu mailan saritutako ikus entzuneko laburmetraiak eta dokumentalak ikusi ahal izango dira Modelo Aretoan. Honez gain, Merkatu Plazako lehen solairuan argazki erakusketa bat kokatuko da, CIMASUBera aurkeztutako argazki onenekin. Otsailaren 1etik 16ra, ohiko ordutegian, irekita egongo da erakusketa.
Azkenik, otsailaren 1ean Txikizikloaren beste edizio bat ospatuko da. Bertan, Zarauzko ikastetxeetako 300 gazte inguruk itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera izango dute haientzat bereziki zuzenduriko emanaldi batean.