2022/09/28
Chernolbilen Lagunak Elkarteak, Txernobyl inguruko umeak ekartzen ditu udako oporrak Gipuzkoan pasa ditzaten eta, horretarako, urtez urte, Zarauzko Udalaren laguntza jasotzen du.
Aurten, Ukrainako gerra dela eta, programa hori bertan behera geratu da eta, ondorioz, ezin izan da programa horren baitan umerik etorri, baina elkarte horrek programatik kanpo hainbat ume eta beraien senideak ekarri ditu udaldia hemen igarotzeko ez ezik, gerra baretu arte bertako familien babesean egon daitezen. Une honetan ezin da jakin noiz arte geratuko diren.
Patxi Elola (PSE-EE) Kooperazioko zinegotziak adierazi duenez “Zarautzera etortzen diren ume horien jaioterria den Ivankiv bereziki kaltetua izan da, Errusiako gudalostea hortik sartu baitzen Ukrainan, herri hori aste batzuetan okupatuz eta bertan sarraskiak eginez”.
Hori dela eta Zarauzko Udalak 6.000 euroko dirulaguntza emango dio Chernobilen Lagunak elkarteari Txernobylgo istripuan kaltetutako adingabeen harrera programan parte hartzen duten haurrak eta beraien familiak Euskal Herrira ekartzen laguntzeko.