UDALAK HAINBAT EKITALDI ANTOLATU DITU EKAINEAN INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNAREN BAITAN

2022/05/30

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. “Lur bakar bat” lelopean, natura babesten lagunduko duten ekintzak sustatuko ditu. Udaleko Ingurumen departamentuak ere helburu horrekin lan egiten du eta, horretarako, hainbat ekimen antolatu ditu egun honen inguruan.

“Aurrekaririk gabeko ingurumen-krisia bizi dugu, baliabide naturalen espoliazioak eta pertsonek gure egunerokotasunean sortzen dugun kutsadurak eraginda. Horrek erabat gelditu behar du”, adierazi du Gloria Vazquez Ingurumeneko zinegotziak (PSE-EE). “Gizakiaren ekintzak ekosistemak suntsitzen ari dira, eta milaka espezie desagertzeko zorian daude. Zientzialariek urteak daramatzate ohartarazten berotegi-efektuko gasek eragindako klima-aldaketa itzulerarik gabeko puntu batera iristen ari dela. Premiazkoa da energia-iturri berriztagarrietarako trantsizioa egitea eta kontsumoa maila guztietara murriztea.

“Aldaketa globalak milioika ekintza lokalen batuketagatik gertatzen dira, eta arrazoi beragatik, milioika ekintza lokalek aldaketa global kaltegarriak irauli ditzakete. Eraztun Berde Urdinaren proiektutik Zarauzko herritarrak kontzientziatu nahi ditugu gure basoak, hezeguneak, itsasoa, ibaiak zaintzearen garrantziaz; eta horretarako onena horiek ezagutzea da, ezagutzen dena bakarrik baloratzen baita”, gaineratu du Vazquezek. “Zarautzen naturgune garrantzitsuak eta zaindu beharreko biodibertsitate handia ditugu. Hori da planetaren zaintza globalari egiten diogun ekarpena. Eta helburu horrekin, askotariko jarduera erakargarriak eskaintzen dizkiegu herritarrei. Asko pozten gara maiatzean antolatu genituen jarduerek izan zuten harrera bikainagatik, eta ekainerako proposatzen dizkizuegun ekintzetan parte hartzera animatzen zaituztegu”.

Hauek dira ekainerako antolatu diren ekitaldiak:

Euskara eta natura txirikordatuz: Zarautzen hitzaldia.
Euskararen eta naturaren arteko erlazioaz hitz egingo dute hitzaldi honetan Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek (Dobera Elkartea)
Eguna: ekainak 2, osteguna.
Ordua: 19:00.
Tokia: Modelo Aretoa.

ARGIGRAMA lantegia
Argigramak argia erabiliz sortutako irudiak dira. Vista Alegreko basoan hostoak, adarrak… bildu eta irudi magikoak sortuko ditugu. Lantegia Nagore Legarreta argazkilariak gidatuko du.
Eguna: ekainak 3, ostirala.
Ordua: 17:30.
Tokia: Torreoia.
Adina: + 7 urte, nerabeak, familiak, helduak.
Izena ematea: zarautz@eraztunberdeurdina.eus

Hi selfie! argazki rallya
Telebistako Hi Selfie! programan oinarritutako argazki rallya, aitzakia paregabea da familian eta lagun artean ondo pasatzeko eta EBUko txoko ezberdinak ezagutzeko.
Eguna: ekainak 5 igandea (Ingurumenaren Nazioarteko Eguna).
Ordua: 10:00.
Tokia: Sanz Enea.
Adina: + 5 urte, nerabeak, familiak, helduak.
Izena ematea: zarautz@eraztunberdeurdina.eus.

Erakusketa: EBU + CIMASUB
Iazko EBU Eguneko argazki eta marrazki lehiaketako lanen erakusketa + CIMASUB itsaspeko argazkilaritza erakusketa.
Eguna: Ekainak 1tik 15era.
Ordutegia: Asteazkenetik larunbatera 18:00-20:00 / *igandean 12:00-14:00.
Tokia: Merkatu Plaza.
Sarrera librea.

CIMASUB, itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa.
Dokumentalen proiekzioak: ekainak 1-8-15 // Txikitzikloa (LH 5-6): ekainak 1 (9:15 eta 10:45tan).
Ordua: 19:00.
Tokia: Modelo Aretoa.
Sarrera librea.

Ikastaroa eta txangoa Zarauzko anfibio, narrasti, sorgin-orratz eta burruntziak ezagutzeko Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin.
• Ikastaroa: ekainak 10 (ostirala), 18:00tan. Tokia: Arkamurka elkartearen lokalean
• Irteera: ekainak 18 (larunbata), 10:00tan / Tokia: Vista Alegre auzora igotzeko Aldapetako igogailuan.
Izena ematea: zarautz@eraztunberdeurdina.eus.

DESKARGATZEKO

“Euskara eta natura txirikordatuz: Zarautzen” hitzaldia. (JPG 535k)

ARGIGRAMA lantegia (PNG 2,9MB)

Hi selfie! argazki rallya (PNG 3,8MB)

CIMASUB (JPG 582k)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude