10.000 EUROKO DIRULAGUNTZA EMAN DIO ZARAUZKO UDALAK SALVAMENTO MARITIMO HUMANITARIO ELKARTEARI

2021/11/09

Mediterraneoa zeharkatzen saiatzen diren pertsonak erreskatatzen lan egiten du Salvamento Maritimo Humanitarioren Aita Mari itsasontziak. Zarauzko Udalak, Garapenerako Lankidetza arlotik, elkarte honek egiten dituen erreskateak babesten jarraitzeko, 10.000 euroko dirulaguntza eman dio Zarautzen sortutako gobernuz kanpoko elkarte honi.

“Aita Marik Mediterraneoan erreskatea egiten duen bakoitzean, zarauztarrok harro sentitzea eta euren aletxoa jarri dutela sentitzea nahi dugu” azaldu du Patxi Elola (PSE-EE) Kooperazio zinegotziak.

Azken hiru urte hauetan, 2018tik 2020ra, Zarauzko Udalak 44.000 eurorekin lagundu du Salvamento Maritimo Humanitario elkartearen lana. Aurten, 10.000 euroko dirulaguntza bideratu da, eta Aita Mari itsasontziak aurten egin duen seigarren misioan laguntzeko balio izan du.

“Nahiz eta itsasoan lan asko egiten duten, lehorrean egiten den lan ikusezina ere oso garrantzitsua da” adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lankidetza zinegotziak. “Aita Mari itsasontziak itsasora atera ahal izateko administrazio lan asko dago atzetik, hala nola: prestakuntza, hornikuntza, baimenak…”.

Migrazioen Nazioarteko Erakundeak emandako datu ofizialen arabera, 2021. urteko lehen seihilekoan 1.146 pertsona hil ziren Mediterraneoan, eta, horregatik, Salvamento Maritimo Humanitario bezalako elkarteak egiten duten lana guztiz garrantzitsua izaten jarraitzen du.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude