Zarauzko Udaleko Lankidetza arloak 2021. urtean dirulaguntzak jaso ahal izateko deialdia ireki du. Aurten ere bi motatako ekimenei emango zaizkie laguntza hauek. Alde batetik, hegoaldeko herri pobretuetan lankidetza proiektuak egiteko 194.000 euro bideratuko dira, 18.000 euro gehienez proiektuko. Bestetik, Zarautzen sentsibilizazio ekintzak egiteko guztira 10.000,00 esleituko dira.
“Orain dela bi urte hirugarren dirulaguntza lerroa genuen; hain zuzen ere, gazte kooperanteei laguntzeko. Iaz, momentuz, lerro hori etetea erabaki genuen, ez zelako zentzuzkoa pandemia egoera honetan guk, udalak, munduan barrena jendearen joan etorriak bultzatzea” adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lankidetza zinegotziak. “Aurten irizpide horri eutsi diogu, eta datorren urtean berriz ere gazte kooperanteetzat dirulagutza lerroa atera ahal izatea espero dugu”.
“Esan beharra dut Zarautzek aisa gainditzen duela bere aurrekontuaren %0,7a garapenerako lankidetza bideratzeko eskakizun historiko hori. Gainetik gaude nabarmen” gehitu du Elolak. “Inoiz nahikoa ez den arren, zarauztarrok elkartasuneko alor honetan harro egoteko moduko arrazoiak ditugu, eta ez bakarrik gure udalak xede honetara bideratzen duen diru kopuruagatik, baizik eta herrian daukagun elkartasun sare zabal eta oparoagatik. Asko baitira Zarautzen garapenerako lankidetzan jarduten duten Gobernuz kanpoko erakundeak”.
Ibilbide luzea
Aurtengo dirulaguntzen deialdiaren irekia baliatuz Lankidetza Arloak azken urteetan egindako lanaren balorazioa egin du. “Azken lau urteetan 578.938 euroko inbertsioa egin du Udalak, Zarauzko Gobernuz Kanpoko 10 Erakundek antolaturiko 35 proiekturen bitartez” azaldu du Julen Aranguren, Immigrazio eta Kultur Aniztasunaren teknikariak. “Proiektu gehienak Ertamerikara (15) zuzendu dira, baina ez da ekimen honen helmuga bakarra; Afrikara (9), Asiara (5), Hegoamerikara (3) eta Karibera (1) ere bideratu dira ekimenak”.