2026/02/05
Zarauzko Udaleko Berdintasun Departamentuak bat egin du indarkeria bikarioaren aurkako “Latidos Mariposas” proiektuarekin. Itziar Pratsek eta Isabel Martinezek bultzatutako sentsibilizazio-ekimen bat da, indarkeria matxistaren muturrekoenetako adierazpen bat ikusarazteko: seme-alaben aurka egindako indarkeria, amei ahalik eta kalte handiena eragiteko helburuarekin.
“Latidos Mariposas” proiektuarekin bat egitea Zarautzek indarkeria bikarioaren aurrean ez duela beste aldera begiratzen argi eta garbi esateko modu bat da. Errealitate hori ikusarazi nahi dugu eta, kolektibotik, laguntza eman nahi diegu errealitate hori pairatzen duten emakumeei”, adierazi du Gloria Vázquez Berdintasun zinegotziak.
Proiektua Itziar Pratsen esperientzia pertsonaletik sortu zen, aitak bere bi alabak hil ondoren, eta oroimenerako, salaketarako eta kontzientziazio kolektiborako gune gisa antolatu zen. Bizitzaren eta oroitzapenaren sinbolo diren tximeletak sortuz, ekimenak indarkeria bikarioari buruzko hausnarketa sozial sakona sortu nahi du. Proiektuari buruzko informazio guztia bere webgunean kontsulta daiteke: https://latidomariposas.com.
Zarautzen, ekimen honek Emakumeen* Etxean parte hartzen duten emakumeen kolektiboen inplikazio aktiboa du: josteko astero biltzen den emakume-taldea, puntu terapia taldea, SOS Arrazakerian parte hartzen duten emakumeak, eta Garaguneko emakumeen kolektiboa, normalean Emakumeen* Etxean antolatzen diren hainbat jardueratan parte hartzen dutenak.
Ekimen honen helburua indarkeria bikarioa ikusaraztea eta erantzun kolektibo bat sortzea da, zaintzatik, memoriatik eta elkartasunetik abiatuta. “Zarauzko herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimen solidario honekin bat egitera, beren tximeletak sortuz eta otsailean zehar Emakumeen* Etxean entregatuz. Hainbat material erabil daitezke, hala nola papera, oihala edo artilea”, gaineratu du Vazquezek.
Parte hartzea errazteko, bi tailer ireki antolatu dira tximeletak egiten ikasteko, Susana Esparzak gidatuta.
Otsailaren 11n, 17:00etatik 19:00etara
Otsailaren 12an, 11:00etatik 13:00etara
Programazio horren baitan, Itziar Prats eta Isabel Martínez, proiektuaren sortzaileak, Zarautzen izango dira martxoaren 6an, Modelo Aretoan. Bertan, euren esperientzia partekatuko dute eta indarkeria bikarioari buruzko hitzaldia emango dute. Halaber, martxoaren 7an ekitaldi publiko batean parte hartuko dute Emakumeen* Etxearen pareko plazan, ekimenaren amaiera sinboliko eta komunitario gisa. Bai Modelo Aretoa, bai plaza, otsailean kolektiboki egindako tximeletekin apainduko dira.
Gainera, Zarauzko ikastetxeak ekimen honetan parte hartzera gonbidatuta daude, txiki-txikitatik sentsibilizazioa sustatuz.
Berdintasun Departamentuak programatutako tailerretan eta jardueretan parte hartzera animatu nahi ditu herritar guztiak, indarkeria matxistaren eta, bereziki, indarkeria bikarioaren aurkako memoriaren, salaketaren eta konpromisoaren keinu kolektibo horrekin bat eginez.

