2025/11/11
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK – Ekolurra) Zarauzko Udalarekin elkarlanean antolatutako “Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da” erakusketa ibiltaria Zarauzko Merkatu plazan izango da ikusgai azaroaren 13tik 25era.
Erakusketa honen helburua da elikadura ekologikoaren onurak herritarrengana hurbiltzea eta ekoizpen ekologikoaren balioa zabaltzea. Izan ere, elikagai ekologikoek elikagarritasun handiagoa dute, ingurumena zaintzen dute eta tokiko ekoizpena sustatzen dute, arreta eta osasun printzipioetan oinarrituta.
Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “Zarauzko Udalak bat egiten du ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren printzipioekin, eta konpromisoa hartu du trantsizio ekologikoa sustatzeko. Horrelako ekimenek aukera ematen digute herritarrei erakusteko zer nolako garrantzia duen gure ohituretan eta tokiko ekoizpenean eredu jasangarriak txertatzeak. Ekoizpen ekologikoa ez da modako kontua: etorkizuneko eredua da, ingurumenaren, lehen sektorearen eta gure osasunaren mesedetan”.
Erakusketak 15 panel ditu, eta bakoitzak QR kode baten bidez ikus daitekeen 1-2 minutuko bideo laburra eskaintzen du. Panelen bidez ekoizpen ekologikoari buruzko datu, irudi eta testigantza ugari ezagutzeko aukera izango da.
Gainera, ostegunean, azaroaren 13an, arratsaldeko 18:30ean, erakusketaren bisita gidatua egingo da, publiko orokorrari irekia.
Ekoizpen ekologikoa nabarmen hazten ari da Euskadin: 2001ean 61 ekoizle eta 373 hektarea izatetik, 2025ean 820 eragile eta 13.000 hektarea izatera iritsi da. Hala ere, guztira nekazaritzako lurren %6,7 bakarrik lantzen da ekologikoan, eta helburua 2030erako %25era iristea da, Europar Batasuneko Farm to Fork estrategiaren baitan.
Horrelako ekintzen bidez, ENEEK-Ekolurrak eta Zarauzko Udalak ekoizpen ekologikoa ezagutzera eman nahi dute, elikadura jasangarriago baten aldeko urratsa sustatuz.


