2024/01/10
Indarkeria matxistaren ondorioak mantendu egiten dira emakumeengan indarkeria bera bukatu bada ere. Ondorio horiek gainditzen laguntzeko elkargune talde bat sortu du Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak, indarkeria hori jasan duten hainbat emakumerekin elkarlanean.
“Helburu horrekin, duela urtebete inguru, prozesu bat martxan jarri genuen Zarauzko emakume talde batekin. Beraiek ikusten zuten indarkeria matxista sufritu duten emakumeen arteko espazio bat sortzeko beharra, beren bizipenak elkar trukatzeko, batak besteari entzuteko, elkarri laguntzeko…”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Lanketa horren ondorioz, 2022ko azaroaren 25ean, errekonozimendu publikoa egiteko ekimen bat antolatu genuen eta Emakumeen* etxearen kanpoaldean dagoen monolitoa jarri genuen, gizarteari gogorarazteko egunero indarkeria hau sufritzen duten emakumeak daudela gure artean eta ezin ditugula bakarrik utzi. Honen bidez, gure babesa adierazi nahi diegu eta erasotzaileak salatu”.
Ekimen hauek, erreparazioan laguntzen dute eta bide horretan sakontzeko elkargunea ere martxan jarri zen emakume talde batekin, haien eskaerari erantzunez. Joan den urtean taldea sortu zen froga bezala eta esperientzia onuragarria izan dela ikusirik, orain momentua da indarkeria matxista sufritu duten beste emakumeei zabaltzeko.
Taldearen bideratzaile bezala psikologo bat izango da. Asmoa ez da terapia egitea, baizik eta erreparazioaren esparruan beren egoera pertsonala bideratzen laguntzea, zauriak gainditu ahal izateko. Eta baita, egunero sortzen diren arazoei aurre egiteko bata bestearen babesa edukitzea.
“Gogorarazi nahi dut terapia behar izatekotan, Foru Aldundiaren zerbitzua dagoela. Hemen, Emakumeen* etxean, elkargune honetaz gain, aholkularitza psikologikoa eskaintzen dugu eta gure psikologoak terapia egiteko beharra ikusten badu Gizarte Zerbitzuetara bideratuko du emakumea, hori baita terapia prozesu batean sartzeko bidea”, gehitu du Vazquezek.
“Emakumeok Indarkeria matxista sufritzen dugu, bakarrik emakumeak izateagatik. Indarkeria hau emakumeon kontrako diskriminazioaren alderik gogorrena da, dudarik gabe. Are gehiago, kontutan hartzen badugu, emakume horren seme alabak ere biktimak direla, zera da, indarkeria bikarioa. Baina indarkeriarekin bukatzeko emakumeon kontrako diskriminazioa matxistarekin amaitu behar dugu, hori baita indarkeriaren oinarria”, amaitu du Parekidetasun zinegotziak.
Elkargune honetan parte hartzeko interesa daukaten pertsonek Emakumeen* etxearekin kontaktuan jarri daitezke, presentzialki (Nafarroa kalea, 3C) edo telefonoz, 943 00 5136 zenbakian.