2022/09/27
Uda honetan Ingurumen departamentuak Eraztun Berde Urdinaren baitan bisita gidatu berri bat gehitu du Zarauzko hezeguneak eta haltzadiaren basoa ezagutzera emateko, hau ere urarekin lotutako ekosistema baita. Duela zenbait urte antolatzen diren biotopoaren eta Zingira Basoaren bisitekin bat egiten du honek.
“Bisita berri honek harrera ezin hobea izan du, eta eskerrak eman dizkigute Ingurumen departamentutik horrelako jarduerak antolatzeagatik. Aurten 169 pertsonak parte hartu dute udako bi hilabeteetan, eta parte-hartzaileak gehienak Euskaditik kanpokoak izan dira, aurreko urteetan gertatu izan ez den bezala, batez ere gipuzkoarrak baitziren”, jakinarazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Balorazio guztiak oso positiboak dira, bai bisitak gidatu dituzten pertsonenak, bai jasotako azalpenarenak eta entregatutako materialarenak, eta horrek asko pozten gaitu”.
“Gure helburua zarauztarrek eta bisitariek Zarauzko biodibertsitatea babesten laguntzea da, eta horretarako funtsezkoa da biodibertsitate hori ezagutzea, gure herriaren altxor naturalak ezagutzea, ezagutzen eta baloratzen dena bakarrik zaintzen eta babesten baita. Bisita hauen beste helburuetako bat naturarekin harremanetan jartzeko aisialdi aukera osasungarria eskaintzea da, eta Turismo Bulegoari eskerrak eman nahi dizkiogu laguntzeagatik. Bisitetan parte hartu duten pertsonek antzeko jarduera berriak antolatzen jarraitzeko eskatu digute, eta, beraz, Eraztun Berde Urdinean aisialdirako proposamen berriak eta ikuspegi tematiko berriak aztertzen ari gara.
Zarautzen oso ekosistema ezberdinak eta balio handikoak aurki ditzakegu nahiko espazio txikian. Zarautzen, Garate-Santa Barbarako eremu babestuan dauden artelatzezko basoez goza dezakegu. Bertan, Udalak Zingirako basoa erosi zuen errestauratze-lanak egiteko, eta bertako pinuak moztu zituen 1000 artelatz, haritz, gorosti, gurbitza eta abar landatzeko. Horrez gain, Buztinzuriko haltzez osatutako basoaz ere goza dezakegu, non hainbat tona hondakin kendu ziren eta 300 zuhaitz baino gehiago landatu ziren. Azkenik, babestutako biotopoko dunak eta padurak ere ezagutu daitezke, non desagertzeko arriskuan dauden aparteko espezieak eta Asti eta Iritako hezeguneak ere ikus ditzakegun.
Bisita horietako bakoitzean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta UPV/EHUko botanikariekin elkarlanean sorturiko dibulgazio-materiala banatu da, aukera ematen baitiote bisitariari ekosistema horietan bizi diren espezieei buruz gehiago ikasteko.
Informazio-kanpainak
“Eraztun Berde Urdinerako bisita gidatuez gain, beste bi informazio-kanpaina egin ditugu, bata hondartzan zigarrokinik ez botatzearen garrantziaz kontzientziatzeko, non kono biodegradagarriak banatu ditugun, eta bestetik, biotopoa zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta babestutako gune horretan sartzeko debekuaz ohartarazteko”, gehitu du Vazquezek. “Urtero Iñurritza ibaiaren ertzetan edo dunan sartzen den jendea aurkitzen dugu eta hori saihesteko informazio kanpaina bat egin nahi izan dugu hondartzan bertan eta kartelen bidez biotopoan zehar eta kanpinetan. Esan dezakegu kanpainak oso ondo funtzionatu duela, beste urte batzuetan baino askoz jende gutxiago ibili baita biotopoaren barruan. Oraindik ahalegin handia egin behar da txakurrak leku horietan aske ibil ez daitezen, landarediari eta hegaztiei kalte handia egin baitiezaiekete”.