2022/03/28
Pasa den ostegunean KIRIBILE elkarteko, Sopelako Udaleko eta Uribe Kosta Mankomunitateko ordezkariak Zarautzen izan ziren, bertako Eraztun Berde Urdina bisitatu eta haren inguruko lehen eskuko informazioa jasotzera.
Sopelan gauzatu nahi den Eraztun Berdearen proiektuaren sorreran informazioa batzeko helburuarekin, Gloria Vazquez (PSE-EE) Agenda 21 eta Ingurumen zinegotziak Zarauzko EBU proiektua sortu zenetik emandako urratsen nondik norakoak, orain arte egindako lan guztiak eta etorkizunerako ditugun ideiak azaldu zizkien bertaratutako sopeloztarrei.
“Sopelan Eraztun Berde bat sortzeko dituzten ideiak plazaratu dizkigute. Bi herrien arteko ezaugarriak oso antzekoak dira eta esperientziak partekatzea oso interesgarria eta aberasgarria izan da”, adierazi du Vazquezek. Proiektuaren inguruko informazioa jasotzeaz gain, Eraztun Berde Urdineko Arkamurka bide zirkularra egiteko aukera izan zuten. “Bisitariek oso ondo baloratu dute gure Eraztun Berde Urdina eta ideia asko atera dituzte euren proiekturako. Argi dugu ideia hauek partekatu eta zabaldu egin behar direla”.
KIRIBILE, Sopelako natura-ondarea biodibertsitatea kontserbatzea eta hobetzea, eta ondare sozio-historikoan aniztasunaz jabetzea eta balioan jartzea helburu duen elkartea da. Iaz sortu zuen herritar talde batek eta geroztik bertako Udalarekin elkarlanean urrats ezberdinak ematen ari dira Sopelan Eraztun Berde bat sortzeko.
Topaketa hau lehen urratsa izan da bi herriak hurbiltzeko eta hemendik aurrera lankidetzak aurrera egingo du ingurumenaren zainketan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.