SEXU-ASKAPENAREN NAZIOARTEKO EGUNEKO ADIERAZPEN INSITUZIONALA

Ekainaren 28an, beste behin, aniztasunean oinarritutako eskubideak eta bizikidetza aldarrikatzen ditugu euskal gizartearen aurrean. 1969ko ekainaren 28an New Yorken Stonewall-eko errebolta gertatu zenetik —iaz 50. urteurrena ospatu genuen—, egun hori hartu izan da arlo horretan eskuratutako lorpen guztiak aldarrikatzeko eta agerian jartzeko; baina, horrez gain, oraindik lortzeko dugun guztia nabarmentzeko eguna ere izan beharko luke.

Zarauzko Udalak eskerrak eman nahi dizkie sexu-askapenaren aldeko borrokan bizitza eman eta ahaleginak egin dituzten pertsona guztiei, gaur egun oraindik ere antolatzen eta lanean jarraitzen baitute gizartea sentsibilizatzen, kontzientziatzen eta eraldatzen. Era berean, bai hemen bai gure mugetatik kanpo isilik jarraitzen duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu Zarauzko Udalak. Eta, batez ere, 2021. urtean bizitzea tokatu zaigun egoera berezi honetan.

Argi daukagu erne ibili behar dugula sektore eta alderdi politiko jakin batzuek sexu- eta genero-aniztasunaren aurka egiten dituzten diskurtsoen eta planteamenduen gorakadaren aurrean, horrek ondorio zuzenak dituelako: alde batetik, kolektibo transexualaren eskubideak onartzeari uko egitea, eta, bestetik, erasoak ugaritzea, duela egun gutxi gure herri batean ikusi ahal izan dugun bezala. Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da LGTB+ kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea.

Beharrezkoa da, era berean, lege-esparruak egotea LGTB+ pertsonen bizitzak eta eskubideak babesteko. Oso garrantzitsua da, baita ere, LGTB+ kolektiboak egun bizi duen errealitatea datu egiaztatu eta kuantifikatuekin ezagutzea, alde batera utzita herrian zabalduta dauden zurrumurru eta kontuak.

LGTB+ kolektiboaren ikusgarritasun eguna, transexualitatea despatologizatzearen aldeko eguna, LGTB+ fobiaren aurkako eguna… Gaur, horiek guztiek bat egiten dute izatearen eta desiratzearen harrotasuna aldarrikatzen, bakoitzak bere erara, guztiek aniztasunean.

Horregatik guztiagatik, euskal gizarte osoa animatzen dugu egun hau aprobetxa dezan sexu-askapenaren alde lortzen ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko, baina ahaztu gabe erne ibili behar dugula, horren alde borrokatzen jarraitu behar dugula, eta berme batzuk jarri behar ditugula guztiok aukera izan dezagun askatasunez bizitzeko eta agertzeko.

Era berean, Udal honek berretsi egin nahi du LGTB+ pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa. Hori dela eta, konpromiso sendoa hartzen dugu LGTB+ pertsonen eskubideak aldarrikatzeko azkenengo urteetan Hezkidetza foroaren bitartez ireki dugun bidearekin jarraitzeko. Eta oraindik ere lan gehiago egingo dugu politika sendoak martxan jartzen, gure gizarteak pertsona guztien genero-aniztasuna naturaltasunez onar dezan. Bereziki, konpromisoa hartzen dugu LGTB+ kolektiboko haurrei eta nerabeei zuzendutako neurriak martxan jartzeko, beren hezkuntza-prozesuan laguntzeko, gizarte eta hezkuntza eragileekin elkarlanean.

Herritarrak animatzen ditugu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egin dezaten, foro publikoek, hedabideek eta sare sozialek agerian utz dezaten gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude