19:00etatik aurrera izango da bilkura, udaletxeko aretoan
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Mahaikideei Urola Kostako Udal Elkartean alderdi politikoek adostutako hondakinen bilketa sistema bateratuaren berri ematea da helburua. 2020 urtean hondakinen %75a gaika biltzera iristea jarri zuten helburu gisa UKUEn, eta horretarako, bilketa tasa progresiboa izango dela jakinarazi zuten. Hau da, 2018an hondakinen %60a gaika biltzea lortu nahi dute, 2019an %70a eta 2020an %75. Horretarako, bost edukiontzien bidezko bilketa planteatu dute orain arte bezala, baina hainbat aldaketarekin. Batetik, etxeko hondakinei dagokionez, errefusa eta organikoa biltzeko edukiontziek erabilera mugatua izango dute; txip bidez funtzionatuko dute 2018tik aurrera.
Bestetik, bolumen handiko hondakinak eta traste zaharrak biltzeko zerbitzua ere zabaldu egingo da; 2018tik aurrera astean behin pasatuko da herri bakoitzetik. Horrez gain, landa eremuan edukiontzi eremuak zentralizatu egingo dituzte, eta horrela landa eremuko herritarren hondakinak ere gaika biltzeko aukera izango du udal elkarteak
Era berean, sortzaile handi eta ertainei puntuz puntuko hondakin bilketa eskainiko die udal elkarteak, organikoa, papera-kartoia eta errefusa jasotzeko. Enpresei dagokionez, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dituzte organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastikoa-poliespana.
Zarauzko Udal Gobernuak hondakinen mahaiak egindako lana goraipatu eta baloratu du, eta «bidezkoa» deritzo bilera egitea mahaikideek zuzenean izan dezaten sistemaren berri. Era berean, Zarauzko Hondakinen Mahaiaren etorkizunaren eta jarraipenari buruz hausnarketa egingo dute saio horretan. 19:00etan izango da bilera, udaletxeko areto nagusian.