Arlo horretara bideratutako diru kopurua urtetik urtera igoko dute, aurrekontuaren %0,7ra heldu arte . Diru laguntza lerro berria sortu dute gazte boluntarioentzako
Ezkerretik, Julen Aranguren Immigrazio teknikaria eta Pablo Garcia Garapenerako Lankidetza zinegotzia, aurkezpenean.
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko Udalak urtarrila erdialdean onartu zituen 2016rako aurrekontuak, eta horrekin alor bakoitzerako partidak zehaztu, tartean, garapenerako lankidetzara bideratuko duten diru kopurua. Hori finkatuta, Pablo Garcia Garapenerako Lankidetza zinegotziak agintaldirako kooperazioko lerro nagusiak aurkeztu ditu. Garapenerako Lankidetzako zinegotziak adierazi du, helburu nagusia alor horretara bideratutako diru kopurua urtetik urtera mailaka igotzen joatea dela, aurrekontu orokorraren %0,7ra heldu arte, hain zuzen. Nazio Batuen Erakundeak jarritako irizpideetan oinarrituta hartu dute erabaki hori; izan ere, erakunde horrek dio Barne Produktu Gordinaren %0,7 dela herrialde garatuek lankidetzara bideratu beharko luketen diru kopurua.
Hala, urtetik urtera 15.000-20.000 euro igoko dutela aurreikusi du Garciak, aurrekontu orokorraren joeraren arabera. Aitortu du igoera «xumea» dela, baina «egingarria eta errealista». Bide horretan, aurten Garapenerako Lankidetzarako aurrekontua %6,7 igo dute. 2015ean 191.875 euroko partida gorde zuten horretarako eta aurten, berriz, 204.747 eurokoa. Zarauzko Udaleko aurrekontuaren %0,51, hain zuzen.
114.000 euro bideratu dituzte kooperazio proiektuetara, iaz baino %24,4 gehiago. 2015ean Zarauzko Udalak 91.600 euro jarri zituen proiektu horietarako. Larrialdietarako laguntzak ere bikoiztu egin dituzte aurten. «Igoera garrantzitsua da», nabarmendu du Garciak: «Geroz eta larrialdi egoera gehiago baitaude egun, hondamendi naturalek zein gerra-gatazkek eragindako gatazka humanitarioak».
Boluntarioei laguntzak
Datozen urtetan aurrera eramango duten lankidetza politikak herriko gobernuz kanpoko erakundeekin izandako elkarrizketak ditu oinarrian. Lankidetza saileko ordezkariek hainbat bilera izan dituzte 15-16 erakunderekin, haien beharren eta proiektuen berri izateko eta lankidetzarako lerro nagusiak guztien artean osatzeko.
Alor horretarako partida igotzeaz gain, beste hainbat helburu estrategiko ere baditu sail horrek: Zarauzko Udalaren eta herriko elkarteen arteko harremana sendotzeko Garapenerako Udal Kontseilua sortu, herritarrak sentsibilizazioa indartzea eta boluntariotza sustatzea, besteak beste.
Hala, berrikuntza gisa, aurten gazte boluntarioentzako diru laguntzak eskainiko dituzte. «Boluntariotza sustatu nahi dugu, bereziki, gazteen artean. Horregatik sortu dugu beka hori, gazteak garapenerako lankidetza proiektuetan parte hartzera animatu daitezen», dio Garapenerako Lankidetzako zinegotziak.
18-30 urte arteko gazteei dago zuzenduta eta laguntza egonaldiko gastuak ordaintzeko izango da, besteak beste, bidaia, jarri beharreko txertoak zein formazioa. Egonaldiak gutxienez sei astetakoa izango beharko du.