Pinudiak kenduko dituzte artelatzari tokia egiteko basoan.
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
«Berri oso berezi eta pozgarria» eman du gaur goizean Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak: Zarauzko Udalak Garate gaina eta Santa Barbara arteko baso bat erosi duela jakinarazi du. Sail hori Zingira baserrikoa izandakoa dela esan du Vazquezek, eta Natura 2000 Europako Naturgune Babestuen sarearen barruan dagoela. Gaur bertan sinatu dute salerosketa eskritura; udalak 89.000 euro ordaindu ditu sail horregatik. «Ingurumen sailaren helburu nagusia da bioaniztasuna eta natura zaintzea. Hori egiteko, politika aktiboak martxan jarri behar dira eta dirua inbertitu behar da. Hau bezalako Balio Natural Handiko guneak instituzioenak izan behar dute, bertan aurrerapausoak emateko».
Aurreratu duenez, hemendik aurrera basoa berreskuratzeko aurrera eramango dituzten lanak «oso garrantzitsuak» izango dira. «Aurreko astean Arkamurkarekin sinatutako akordioaren berri eman genuen, Vista Alegreko parkea zaintzeko, Ingurumen sailarekin batera. Orain Zingirako basoaren erosketaren berri ematen dizuegu, helburu berbera lortzeko: Garate-Santa Barbarako artelatz basoa zaindu eta zabaltzeko, alegia». Era berean, salerosketa horrekin Eraztun Berde Urdina osatzeko «pauso garrantzitsua» eman dutela nabarmendu du Vazquezek.
Basoak 5 hektarea inguru ditu, 53.000 metro koadro, eta «bere potentzial naturalagatik berezia» da. «Hemen artelatzak daude, baina aldi berean, pinudi asko ere bai. Helburua da pinudi horiek pixkanaka kentzen joatea, modu selektibo batean, artelatzari tokia egiteko». Begoña Rodriguez Ingurumen teknikariak azaldu du apurka-apurka pinuak kentzen joango direla, banan-banan edota zonaldeka, eta azpitik datorren artelatzari lekua egingo diotela, haz dadin.
Jakinarazi duenez, basoaren goiko aldean zingira bat ere badago. Asmoa da hori berreskuratzea, bertako habitata indartzeko eta espezie berriak etortzeko. «Basoak aukera asko ematen ditu. Sortzeko eta indartzeko gaitasun hori badu, eta lagundu behar diogu, pinuak kenduz eta beste espeziei aurrera bidea emanez», nabarmendu du. Gerora, ibilbidean zehar basoan egingo diren lanak jasotzen dituzten panelak ere jarriko dituztela aurreratu du Ingurumen teknikariak, herritarrek ezagutu dezaten.
Esku hartzeekin datorren urtean hasteko asmoa dute, udazken aldera.
Instituzioen paper aktiboa
Vazquezen arabera, artelatza Garate-Santa Barbarako garai bateko landareriaren hondarra da. «Aintzinekoa da, tenperatura altuagoa zenekoa. Baso hau beste klima mota batera moldatuta dago, Mediterraneo aldekora, baina garai hartan Kantauri alde honetan, baso hau zabalduta zegoen, klima bera ere ezberdina zelako. Klima hozten joan zen gero, eta neurri horretan, basoa desagertzen joan zen».
Baina hainbat puntutan mantendu egin dela dio Vazquezek, tartean, Garate-Santa Barbaran. «Horregatik da hain berezia eta horregatik zaindu behar dugu. Hain zuzen, arrazoi horregatik dago sartuta Natura 2000 sarean: bertako bioaniztasuna mantentzeko», nabarmendu du. «Euskadin dauden artelatzen 20 hektareen artean, 15 hektarea Garate-Santa Barbaran daude. Gainera, hemen modu naturalean zabaltzen jarraitzen du».
Artelatzen baso horretan, halaber, beste espezie batzuk ere hazten dira: gurpitza, gorostia eta gaztainondoa, kasu. Era berean, 125 animalia espezie identifikatu dituzte gune horretan, bereziki hegaztiak, baina baita ugaztunak, narrastiak eta anfibioak ere.
«Baso berezi hau mantentzeko funtsezkoa da instituzioek paper aktiboa izatea. Lehenbiziko pausoa babestea da, eta horrez gain, lurrak erostea ere beharrezkoa da, gero beste esku hartze batzuk egiteko. Hori da aurrerantzean garatuko duguna». Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, «gaurtik aurrera lan zoragarria dugu baso hau zaindu eta hobetzeko». Gogoratu du diru-laguntza lerroak badaudela lan mota horiek garatzeko. «Ilusio handiz garatuko dugu, eta Zarautzen dauden hainbat alde natural babesten jarraituko dugu gure eraztun berde urdina osatzeko».