Iturria: Urola Kostako Hitza
“Negoziazio gogorren ondoren, azken unean, PSE-EE eta Udal Gobernua akordio betera iritsi dira. PSE-EEk abstentzioa eman du diru partida sozialak gehitu dituztelako aurrekontuetan”. Alderdi sozialistak “arduraz” jokatu du, zarauztarrentzat onuragarriak diren akordioa lortuz. Jakinarazi du EH Bilduk ongizate zerbitzuko laguntzak jaitsi zituela, eta ez zegoela “prest” eskola publikoan eta auzoetan inbertitzeko. PSE-EEk, ordea, Udal Gobernua laguntza sozialak onartzera “behartu” du, alderdi horrek “ezkerreko politikak” eramaten dituelako aurrera, “agintzen duenak agintzen duela eta hauteskundeak gertu izan ala ez”.
2015erko aurrekontuetan justizia sozialerako partidak jasotzeaz gain, laguntzetarako hiru partida berri ere sortu dituztela gogoratu du PSE-EEk: 125.000 euro eskolako materiala erosteko; 25.000 euro udako jangelako bekak emateko eta Vista Alegreko eta Azken Portu Goiko auzotarrentzat garraio publikoa erabiltzeko. “Laguntza horiek emateko diru partidak zehaztu ondoren, orain zaintzen jarraitu beharko dugu, horiek aurrera eraman daitezen, eta ez daitezen gelditu Udal Gobernuaren kudeaketa eskasaren ondorioz”.
Izan ere, PSE-EErentzat politikak zarauztarrak laguntzeko balio du: “Eskarmentua duen alderdi arduratsua da gurea. Zarauztarrak entzun ditugu eta haien proposamenak aurkeztu ditugu aurrekontuetara, emaitza onak lortuz. Gustura gaude horregatik”.