Gloria Vazquez Agenda 21eko zinegotziak «proiektu estrategikoa» aurkeztu berri du.
Gloria Vazquez Agenda 21eko zinegotzia, malekoian. (Amaia Ventas)
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
Gloria Vazquez Agenda 21eko zinegotziaren arabera, aurreko agintaldian EH Bilduk «kaxoi batean gorde» zuen proiektua berreskuratu du egungo Udal Gobernuak: Zarauzko Eraztun Berde Urdinarena, hain zuzen. Vazquezek sail horren ardura hartu duenetik egin duen «lehenbiziko gauza» izan dela aitortu du: aurreproiektua hartu eta eraztuna martxan jarri duela. Izan ere, proiektu «oso berezia» da harentzat, «maite» duena.
Zarauzko alde naturalak batzen dituen 10 kilometroko ibilbidea da Eraztun Berde Urdina, mendi eta itsaso aldeak biltzen dituena: Mutxio, Santa Barbara, Vista Alegreko parkea, Igerain, Abendaño, Bustinzuri baserri ingurua, Asti, Irita, Iñurritzako biotopoa eta hondartza, besteak beste. Ibilbide nagusi horrek, aldi berean, bide aukera anitzak ere eskaintzen ditu.
Agenda 21eko zinegotziak jakinarazi duenez, horren helburu nagusia da balio natural handiko guneak eta beren biodibertsitatea kontserbatzea, eta baita herriaren kanpoaldeko gune degradatuak berreskuratzea ere. Horrekin batera, naturarekiko sentsibilizazioa bultzatzea; herritarren aisialdia eta osasuna hobetzea; turismo eredu ezberdina eskaintzea; kirol baliabide gisa baliatzea eta kultur ondarea balorean jartzea ere ekarriko du.
Agenda 21 sailak jarri du martxan, baina helburu horiek kontuan izanda, bestelako sailekin elkarlanean koordinatuko dute proiektua, Ingurumen, Turismo, Kirol eta Kultura departamentuekin, hain zuzen. Duela bi agintaldi osatutako aurreproiektua errekuperatu eta eguneratu egin dute. Orain behin betiko proiektua ari dira definitzen. «Lan honetan, besteak beste, aurrekontuak zehaztu, esku hartzeak definitu eta jabetza pribatuko eremu txikietan jabeekin harremanetan jarriko gara», dio zinegotziak.
Udal Gobernuarentzat «estrategikoa» da Eraztun Berde Urdina eta, horrenbestez, 100.000 euroko aurrekontua jarri du berau garatzeko. Era berean, Udalsarea 21eko Berringurumena programara aurkeztu dute, kanpoko diru-laguntza lortzeko.
Horrekin batera, parte hartze prozesu bat ere jarriko dute abian, herritarren zein eragileen ideiak jasotze aldera. Dagoeneko hainbat ideia badituztela aurreratu du, esaterako, umeen kluba sortzea, haurrak eta gaztetxoak eraztunean inplika daitezen. «Dagoeneko herritarrak hasi dira proposamenak bidaltzen. Eta horrek pozten gaitu, zarauztarron interesa adierazten duelako».
Dinamizazioa eta bultzada
Duela urte batzuk jaio zen eraztuna osatzeko ideia, 2007ko agintaldian, zehazki. Orduan ere Agenda 21eko arduraduna zen Vazquez: «Lehenengo ideia hori sortu zen Zarautz inguruan dauden baso eta gune naturalak babesteko beharra ikusita eta Gasteizko eraztuan eredu hartuta. Pentsatu nuen Zarautzen ere posible izan zitekela horrelako planteamendu bat egitea, udalerriko berezitasuna kontuan izanda. Mendiz eta itsasoz inguratuta dagoelako».
Vazquezen arabera, Zarauzko alde naturalak mapan kokatu zituzten, babestuak zein babesa behar dutenak eta korridore ekologiko bat definitu zuten Agenda 21 sailean. «Aurreproiektu bat garatu genuen Marina Lertxundi eta Ibon Goikoetxearen bitarte eta Iurgi Ondarra biologoa kontratatu genuen. Logotipoa Aio estudioak sortu zuen. Zarauztarrok osatutako proiektua da hau».
Gobernu aldaketarekin, 2011ean proiektua gelditu egin zela azaldu du Vazquezek eta orain eraztuna martxan jartzea dela helburua. «Dudarik gabe, proiektu honekin gure herriaren dinamizazioa eta bultzada ere lortzen da, iraunkortasunaren bidetik, herritarrei aukera anitzak ekarriko dizkiolako. Zarautz bizia eta iraunkorra nahi du Udal Gobernuak eta hori lortzen da proiektuak eta ekimenak martxan jarriz».