Hotz Zarautz elkarteak antolatu du, eta urriaren 28an eta 29an izango da, Salbatore Mitxelena Ikastolako patioan.
Zarautz Tanttaka Musikaldiaren aurkezpena (Aritz Mutiozabal)
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
Martxoan egindako asteburu osoko jaialdi solidarioak erantzun ona izan zuela ikusita, udalak musika jaialdi bat antolatzeko proposamena egin zion Hotz Zarautz gobernuz kanpoko erakundeari. Erronkari «ilusio handiarekin» heldu ondoren, Zarautz Tanttaka Musikaldia egingo dute urriko azken astebukaeran, Ez ditugulako baztertu nahi lelopean. Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatuko dute egitasmoa.
Bi egunetako musika jaialdia izango da, urriaren 28an eta 29an ospatuko dena, Salbatore Mitxelena Ikastolako kantxan; eguraldi txarra egingo balu, Aritzbatalde pilotalekura lekualdatuko lukete. Lehen egunean, hilaren 28an, King Konsul & Chalwa Band, The Vartools eta Ze Esatek! taldeak ariko dira, eta bigarrenean, hilaren 29an, Korrontzi, Oinkari eta Jalgi taldeen emanaldia, eta Oreka TX, Tik Tara eta Doctor Deseo taldeen kontzertua.
Era berean, errefuxiatuen egoerari buruzko argazkiak eta irudiak proiektatuko dituzte. Hotz Zarautzek jatekoa eta edatekoa saltzeko postua jarriko du, baita euren materiala –elastikoak, jertseak, poltsak eta abar– saltzeko postua ere.
Sarrerak eta helburuak
Sarrerak aurrez eros daitezke Turismo bulegoan eta Hotz Zarautz elkartean Zigordiako kaleko 16. zenbakian zabaldu duen lokalean, edo jaialdiko egunetan lehiatilan bertan. Hainbat sarrera eta salneurri zehaztu dituzte: lehen egunekoak, hilaren 28koak, 10 euro balio du; bigarren eguneko, hilaren 29ko, Korrontzi Folk, Oreka TX eta Tik Tara arteko emanaldiak 10 euro; Doctor Deseo ikusteko, 15 euro; larunbateko bonoa, 20 euro; eta bi egunetako bonoa, 25 euro. Horrez gain, 0 lerroa jarrai dute, jaialdira joan gabe ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat (Laboral Kutxa: 3035 0029 64 0290096693).
Jaialdiaren bi helburu lortu nahi dituzte: alde batetik, ahalik eta diru gehien biltzea hainbat proiekturi laguntzeko, eta bestetik, herritarra sentsibilizatzea. Lagunduko dituzten proiektuak: Greziako Ritsona kanpamentuko Cafe Ritys sukaldea, Ritsonarekin elkartasun proiektua eta Greziako Oinofyta kanpamentuako eskola proiektuari laguntza.
Azkenik, deialdia egin dute jaialdian boluntario gisa lan egiteko. Interesa dutenek Hotz Zarautzen lokalara jo dezakete.