Agenda 21 sailak hiritarrak animatu ditu larunbateko aldaketa klimatikoaren aurkako itzalaldiarekin bat egin dezaten.
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
Larunbat honetan, martxoaren 24a, World Wildlife Fund Adena GKEak aldaketa klimatikoaren aurkako itzalaldia deitu du. 20:30etatik 21:30etara izango da itzalaldia, eta deialdia mundu osora zabalduta dago. Zarauzko Udalak bat egingo du ekimen honekin, eta ordubetez Andra Mari Zeruratzea parrokiako, San Joan Batailatzailearen elizako, Udaletxeko, Sanz Eneako, Villa Mundako eta Torre Luzeako argiak itzaliko dituzte.
Adena WWF erakundearen Planetaren Ordua Sidneyn (Australia) abiatu zuten 2007an. Aurreko urtean munduko 187 lurraldek hartu zuten parte ekimenean eta 12.000 eraikin ezagun itzali zituzten. Aurtengoan ere, norbanako, udal, enpresa eta erakundeak bultzatu nahi dituzte parte hartzera.
Aldaketa klimatikoa, guztion arazo
Aemeten datuen arabera, 2017an, Espainiak inoizko tenperaturarik altuenak izan zituen. Egoera honen ondorioz itsasoaren maila igotzen ari da eta eragina dauka gure hondartzetan eta kostaldeko hirietan. Itsas mailaren igoera horrek bioaniztasunean ere asko eragiten du, eta hain zuzen ere, hori izango da aurten Hora del Planetak aurtengoan azpimarratuko duen gaia.