Udal Gobernuak ez duela “hitza bete” salatu du Zarauzko PSE-EEk

Iturria: ZarauzkoHitza

Zarauzko PSE-EEko zinegotziak, Patxi Elola eta Gloria Vazquez. Amaia Ventas
Argazkia: ZH. Amaia Ventas. Zarauzko PSE-EEko zinegotziak, Patxi Elola eta Gloria Vazquez.

2014rako aurrekontuak negoziatzerakoan akordiotara heldu ziren PSE-EE eta EH Bildu. 14 proposamen egin zituen alderdi sozialistak eta horietatik 11 onartu zituen Udal Gobernuak. Arrazoi horregatik aurrekontuak bozkatzerakoan abstenitu egin zen PSE-EE martxoko plenoan. Orain, Udal Gobernuak emandako hitza ez duela “bete” salatu dute alderdi sozialistako Patxi Elolak eta Gloria Vazquezek. “Ez soilik guri emandako hitza, herritarrei emandakoa ere bai”. 14 proposamenen artean, ikasturte hasierako gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten herritarrei diru laguntzak emateko eskatu zuen PSE-EEk, eta Udal Gobernuak onartu egin zuela ohartarazi dute bi zinegotziek. Hain zuzen, 15.000 euroko partida gorde zuen EH Bilduk sozialisten arabera, behar izanez gero hori zabaltzeko aukerarekin . “Hainbat egunez diru laguntza horiek finkatzeko prozeduraren egoeraz galdetu diet Udal Gobernukoei. Azkenean, aste honetan erantzun dit arduradunak diru laguntza hori ez dutela emango esanez, ez delako beharrezkoa”, nabarmendu du Vazquezek.

AES deritzon laguntza eman ohi die udalak hilabete bukaerara iristeko oztopoak dituzten norbanakoei, baina hori eskatzeko baldintza zehatzak bete behar direla azaldu du. “Guk aukera hori zabaltzeko proposatu genuen, eta laguntza horiek emateko oinarriak osatzeko elkarlanerako prest agertu gara, gainera”. Hala ere, “ezetz” erantzun die Udal Gobernuak, eta hori “onartezina” dela ohartarazi du Vazquezek: batetik, akordio politikoa hautsi duelako eta bestetik herritarrei laguntza “ukatu” dielako. “Ez dugu ulertzen zergatik ez duten oraindik martxan jarri prozedura hori. Ikasturtea irailean hasiko da, eta laguntzei dagokien tramiteek eginda beharko lukete”.

Horrenbestez, prozedura “lehenbailehen” abiatu dezaten mozioa aurkeztuko du Zarauzko PSE-EEk ekaineko udalbatzarrean. Datorren asteazkenean, hilaren 18an izango da.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *