Aurrerantzean hiru gune izango dira txakurrentzat: Abendañon bata, zakur handientzat; bestea herrigunean, Santa Klarako komentuaren ondoan eta aurrez ere erabilgarri zegoena, Iturribiden, trenbidearen albo batean.
Gloria Vazquez Santa Klara komentuaren ondoko txakurren gunean. (Amaia Ventas)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Txakurrak askatzeko bi gune berri sortu ditu Zarauzko Udal Gobernuak: bata, Salberdinen, Santa Klara komentuaren ondoan eta bestea, Abendañon, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Garbigunearen arteko belazean. Lehenbizikoa herrigunean dago, erdigunetik gertu. 750 metro koadro ditu guztira, 34 metro luze eta 22 metro zabaletara. Bigarrengoa handiagoa da: 2.500 metro koadro neurtzen ditu, 110 luzetara eta 25 zabaletara. Hori, bereziki, txakur handientzat sortu dute, lasai egin dezaten korrika.
Gune berri horiei aurrez Iturribide kalean, trenbidearen albo batera atondu zuten eremua gehitu behar zaie. Aurrerantzean, beraz, Zarautzen hiru gune izango dira txakurrak libre ibili daitezen. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak jakinarazi du modu horretan txakur jabeen eskaerari erantzun diola Udal Gobernuak: “Herrian txakurrek beti lotuta joan behar dute. Beharrezkoa da segurtasuna bermatzeko. Baina, aldi berean, ezinbestekoa da noizbehinka libre uztea eta korrika egiteko lekua izatea herrian. Udalak arauak jarri eta betearazten ditu, baina era berean, baliabideak jarri behar ditu”.